2023ko udal eta foru hauteskundeak

Iñaki Ostolaza izango da alkate beste lau urtez, gehiengo osoa eskuratuta

Mireia Galarza Bastida 2023ko maiatzaren 28a

Duela lau urte baino hamalau boto gehiagorekin, hamar zinegotzi izango ditu koalizioak udalbatzan. EAJk sei zinegotzi lortu ditu -joan den agintaldian baino bat gutxiago-, eta PSE-EEk bat. 

EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Zumaian. Gehiengo osoa berretsi du, botoen %54,42 lortuta (2641 boto). EAJk, berriz, bozen %32,5 jaso du (1577 boto), eta PSE-EEk botoen %10,28 (499 boto). Hiru alderdi horien ordezkariekin osatuko da, horrenbestez, udalbatza datozen lau urteetan: EH Bilduk hamar zinegotzi izango ditu -joan den agintaldian baino bat gehiago-, EAJk sei -joan den agintaldian baino bat gutxiago-, eta PSE-EEk bat. Beraz, Iñaki Ostolaza izango da Zumaiako alkatea 2023-2026 agintaldian. 

Guztira 4.915 pertsonek eman dute gaurkoan botoa, zumaiarren %62,61ak, hain zuzen. 2019ko datuekin alderatuta, ordea, parte hartzeak behera egin du; izan ere, %70,18koa izan zen orduan parte hartzea. Abstentzioa, aldiz, %37,39koa izan da aurten, orain dela lau urte baino ia hamar puntu gehiago (%29,82). 90 izan dira boto zuriak (%1,85), eta 62 baliogabeak (%1,28). 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide