2023ko udal eta foru hauteskundeak

Zumaia herri "euskalduna, alaia eta berdintasunezkoa" izan dadin lan egingo du Zumaiako EAJk

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 3a, 12:44

EAJren zerrendako kideak, Joseba Egibarrekin. (Juan Luis Romatet)

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagaien zerrenda aurkeztu zuen atzo Zumaiako EAJk Moilaberrin egindako ekitaldian. Josemi Antia alkategaiak taldea "gaztea eta eskarmentuduna" dela nabarmendu zuen, eta Zumaia herri "euskalduna, alaia eta berdintasunezkoa" izateko lan egingo dutela azaldu ere bai.

Moilaberrin, anbulatorio zaharraren aurrean, aurkeztu zuen Zumaiako EAJk atzo arratsaldean maiatzaren 28ra aurkeztuko duen hautagaien zerrenda. Zerrendan joango diren lagunak bertaratu ziren ekitaldira, baita alderdikide hainbat ere. GBBko presidente Joseba Egibarrek ere ez zuen hutsik egin.

Zumaiako EAJko buru Edurne Egañak gidatu zuen ekitaldia. Hautetsontzien hitzordura "ilusioz" helduko direla azaldu zuen, herriak "galdutako dinamismoa berreskuratzeko" asmoarekin. Emandako hitza "errespetatuko" dutela ere azaldu zuen Egañak, eta alderdiak aurkeztutako zerrendak "esperantza eta freskotasuna" ekarriko dituela ere gaineratu zuen. Zerrenda osatu duten kide batzuei eman zien hitza, ondoren.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak gogoratu zuen orain 35 urte heldu zela Zumaiara, eta gaur egun "normaltzat" jotzen diren zenbait gai –kirol portua, Korta industriagunea, etxebizitzak, Geoparkearen izendapena aipatu zituen, besteak beste– orduan ez zirela existitzen azaldu zuen. Haren arabera, horiek guztiak EAJren eskutik lortu dira. Gaur egun herria nola ikusten duen galdetuta, ordea, hainbat gai alboan geratu direla esan zuen. Ekonomiaren arloan, merkataritzan edota etxebizitza plangintzan azken lau urteetan –EH Bildu dago udal gobernuan– ezer ez dutela egin esan zuen. "Pandemia bat egon da tartean, baina hori ez da aitzakia ezer ez egiteko", salatu zuen. Etorkizunera begira esku artean gai ugari dituztela ere azaldu zuen, eta "ilusioa" hitza aipatu zuen behin baino gehiagotan. "Gauza batzuk hobeto egingo dira, besteak ez, baina egin egin behar dira, gure herriak merezi du eta", adierazi zuen Tapiak.

Edurne Egaña Arantxa Tapiari hitza ematen.

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea ere hautagai zerrendako kidea da, eta hark azpimarratu zuen EAJk asmatu egin duela erabaki estrategikoetan, "baita herrian ere". Hark esan zuenez, baina, "bakarrik" egon diren sentsazioa dauka. "Gobernuan geundenean konfrontazioa genuen udaletxean, kalean, komunikabideetan; inoiz ez genituen alboan, baina hala ere, gauzak egin egin ziren". Gizarte arloan egindako lana goraipatu zuen –egoitzak, eguneko zentroa, apartamentu tutelatuak...–, eta etxebizitzei dagokionez, modelo bat zutela gogoratu zuen. "Ez ziren geratu hura suntsitu arte, eta orain zein da beraien modeloa?", galdetu zuen hark. 

Iker Mardarasek bukatzear den agintaldiaren balantzea egin zuen. Azken lau urteak oposizioan egon badira ere, handik ere "herrigintza egin" daitekeela adierazi zuen. "Aurreko agintaldian izan zen bultzada mantentzea izan da gure lana. Hainbat proiektu landuta geratu ziren –Udaltzaingoaren eraikin berria, Larretxoko igogailua, San Joseko irisgarritasuna hobetzeko lanak…–, eta gure lana haiek egitea bermatzea izan da". Udal aurrekontuetarako "40 proposamen" aurkeztu dituztela ere esan zuen. "Ia denak atzera bota zituzten, baina gero, presaka, aurrera eraman". Merkataritza plana aipatu zuen horren adibide gisa. Halaber, gobernatzerakoan EH Bilduk "arrabola" erabili duela ere esan zuen hark. "2.000 boto lortu genituen, botoen %40, eta hala ere gu gabe gobernatu du". Bestalde, "leialtasun falta" ere aurpegiratu zion Mardarasek Udal Gobernuari, eta "krispaziorik gabeko" oposizioa egiteko gai izan direla esan zuen: "Erronka handiak ditugu, eta horretarako ez da nahikoa gehiengoa izatea; elkartasuna, tolerantzia eta gardentasuna behar dira, baina, batez ere, lana egin behar da". 

Ander Olaizolak azaldu zuenez, etorkizunera begira duen "kezkak" bultzatu du EAJren zerrendan sartzera. Gazte baten ikuspegitik, herrian "noraezean" ikusten duela esan zuen. "Ekonomia ondo doanean bularra ateratzen dute, baina gaizki doanean kulpa diputazioari edo Jaurlaritzari botatzen diote", aurpegiratu zion EH Bilduri. Xabier Odriozolak, berriz, EAJ agintean noiz dagoen "igarri" egiten dela esan zuen. "Azken 40 urtetatik 30etan egon da EAJ agintean, eta igarri egiten da noiz dagoen eta noiz ez. Gabezia batzuk daudela ikusita, galdetegi bat egin du EAJk, eta han jasotakoarekin, gauza handiekin eta txikiekin, programa bat sortu du". Programa maiatzaren 18an egingo duten ekitaldian aurkeztuko dutela aurreratu zuten, gainera.

Josemi Antia EAJren alkategaia.

Konpromisoa eta lana

Josemi Antia alkategaiaren txanda izan zen jarraian. Zerrendaburu izatera zerk bultzatu duen galdetuta, "talde gaztea eta eskarmentuduna" aipatu zituen. "Udalean egoteko lan asko egin behar da, eta talde hau baino hobea edukitzea ezinezkoa da". Gaztetatik alderdiarekiko izan duen konpromisoa ere gogoratu zuen hark ekitaldian. "Konpromisoa alderdiarekin, herriarekin eta euskararekin", esan zuen. Herriak gaur egun dituen zerbitzu asko EAJri esker lortu direla ere gogoratu zuen alkategaiak, eta horien artean aipatu zituen Musika eta Dantza Eskola, Torreberri, Ludoteka eta Gaztetxola, Estazioko industrialdea eta Korta industrialdea, Oikiako eta Artadiko saneamenduak edota tren geltokia berritzea. "Badakigu gauzak ondo egiten, eta horretan jarraituko dugu". 

Zumaiaren gaur egungo egoerarekin kritiko agertu zen Antia. "Kanpotik etorritako jendeak esaten zuen herria nola hobetu den; hori gu gobernuan geundenean izan zen. Orain atzera egin du herriak, eta protagonismoa galtzen ari da. Kaleak eta parkeak zikinak eta zaharkituta daude; [udal gobernuko kideek] ez dute ezer egin eta orain presaka ari dira. Erriberatik pasatzeak pena ematen du. Ez da txukuntasuna eta garbiketa bakarrik, azpiegituretan ere igarri egiten da. Moztu dituzten zinta guztiak EAJk egindako proiektuetatik datoz, Maria Eugenia Arrizabalaga eta Oier Korta alkate zirela martxan jarritako proiektuetatik". 

EH Bildu gobernuan egondako hamabi urteetan etxebizitzarik ez dela egin ere salatu zuen Antiak. "Arriola sailburuarekin lortu omen dute proposamen bat. Orduan ere, 2009an, Arriolari saldu zioten Puntanuetako lursaila, eta ez dute ezer egin". Aita Marirako eta Puntanuetarako udal gobernuak aurkeztutako plangintza, zehazki, futbol zelaiak uzten duen lekuan 165 etxe egitea, "astakeria" bat dela esan zuen alkategaiak. "Aurreko mendeko zerbait da". 

Antiaren arabera, Zumaiak "ezin du horrela jarraitu". Hala azaldu zuen: "Beste lau urtez gobernuan jarraitzen baldin badute, okerrera egingo du herriak. Gu irabaztera aterako gara. Ikusten da noren eskutik etortzen den garapena herri honetara. Nik eta zerrenda osatzen dugunok maite dugu Zumaia, eta atsedenik gabe egingo dugu lan herri euskalduna, alaia eta berdintasunezkoa izan dadin lortzeko". 

Joseba Egibar hizketan atzoko ekitaldian.

"Herritarrak esnatu"

Euskal politikagintzaren errepasoa egin zuen GBBko presidente Joseba Egibarrek ekitaldiaren bukaeran. Populistek arazoak behar dituztela esan zuen, eta horretarako, arazoak sortzen dituztela; "instituzio ahulak behar dituzte, eta hala sortzen dira populismoak". Azken aldian manifestazio eta protesta ekintza ugari izan direla adierazi duen. "Nik ez dut esango Bilduko guztiak horien atzean daudenik, baina atzean dauden guztiak Bildukoak direla bai". Koalizioak "itxurazko iraganik" ez duela, eta horregatik "EAJ astintzen dutela" ere esan zuen. "Ezker Abertzale peto-petoa dugu, ez du iraganaz hitz egin nahi, eta arazoak sortu nahi ditu. Ez dute herri proiekturik, ez dute nazio proiekturik". 

Herria maitatzeko herria ezagutu eta errespetatu behar dela ere azaldu zuen Egibarrek, eta haren arabera, hori EAJrekin lortzen da. "Gure ardura herritarrak esnatzea da. Ez dira txantxetako hauteskundeak. Herritarrek nahi dutena bozkatu dezatela, baina bakoitzaren ibilbidea errepasatu dezatela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide