2023ko udal eta foru hauteskundeak

Josemi Antia Albizu da EAJren alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetarako

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 2a, 09:30

Josemi Antia Albizu aurrez ere zinegotzia izan da Zumaiako Udalean eta gaur egun Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidentea da. (Zumaiako EAJ)

Zumaiako EAJk iragarri berri du nor izango den alderdiaren zerrendaburua maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako: Josemi Antia Albizu da alderdi jeltzalearen alkategaia. 

Zumaiako EAJk Josemi Antia Albizu izendatu du maiatzaren 28an egingo diren udal hauteskundeetarako alkategai. Alderdiak azaldu duenez, Antiak "ilusio eta emozio handiarekin hartu du kargua, Zumaiaren alde eta zumaiarrentzat lan egiteko, eta zumaiar guztientzako etorkizuna eraikitzeko gogoz, inor alde batera utzi gabe". 

Zumaian jaioa orain 60 urte, "pertsona konprometitua eta talde lanean ohitua" bezala definitzen dute Antia. Abertzalea eta kirolzalea, herriko politikan eta kirol bizitzan ibilbide luzea duela nabarmendu du Zumaiako EAJk. "Gazte-gaztetatik politikagintzarekin konprometitua, hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik EAJ-PNV alderdian dihardu, Zumaiako EAJren herri erakundeko barne karguetan zein Zumaiako Udaleko zinegotzi karguan".

Pulpo eskubaloi jokalari, entrenatzaile eta presidente izana, gaur egun Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidentea ere bada. 

Zumaiako EAJk plazaratutako oharrean alderdikideek Antiaren izaera goraipatu dute. "Bere bizi esperientziak eta izaera atsegin eta gertuak Zumaiak bizitasuna eta dinamismoa berreskuratzeko behar duen bultzada zuzentzeko pertsona egokia  izatea eragiten dute". Hautagaiari eskerrak ere ematen dizkio alderdiak oharrean, erronka hau onartzerakoan "erakutsitako prestasunagatik eta konpromisoagatik".

Oharrean bertan Antiak dio "Zumaia oparo eta alai bat" behar dela, "bere nortasunaz harro dagoen herria, zumaiar guztion ongizateaz arduratzen dena eta neurri berdinean, herri euskalduna, errezpetuzko herria, herri abegikorra, herri berdinzalea eta herri aktiboa. Talde lana eta emandako hitzari errespetua izango dira nire jardueraren iparorratzak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide