Eguzki gozotan hasi zen atzo arratsaldean Alondegia parean Musika eta Dantza Eskolaren inauterietako aurtengo jaialdia. Amaitu, berriz, ia ilargipean, Eusebio Gurrutxaga plazan. Tartean, kalejira jendetsu eta koloretsua egin zuten, Musika Bandaren laguntzarekin eta antzezlan zatiek aberastuta. Behin plazara iritsita, dantza izan zen protagonista nagusia, baina han ere jarraitu zuten antzezlanarekin.
Aurtengo gaia euskal mitologia zen, eta adin guztietako herritarrek hainbat pertsonaia irudikatu zituzten: bazen han nahikoa lamia, basajaun, tartalo, Mari, jentil, sorgin, galtxagorri etab. Nork bere papera ondo baino hobeto bete zuen, eta ikuskizun ederra eskaini zuten denen artean.
Jaialdiaren amaiera ere berezia izan zen, herriko giltza jaso baitzuen herritar batek inauteriek iraun bitartean berak gordetzeko: Telmo Irureta aktoreak. Goya saria irabazi berri du, eta Iñaki Ostolaza alkateak eman zion giltza erraldoia. Iruretak pozarren jaso zuen giltza, baita Miriam Romatet Kultura teknikariak eman zion lore sorta ere. Eskertuta agertu zen herrian bertan omenaldia jasotzeagatik. Poza eta ohorea sentitzen zituela adierazi zuen, eta txalo zaparrada handia eskaini zioten herritarrek.