Garaiko goibeltasuna atzean utzi eta mozorroen kolore eta alaitasunek animatuko dute herria datorren ostiraletik aurrera. Lau egunez izango dira inauterietako ekitaldiak Zumaian.
Euskal mitologiako pertsonaiek hartuko dute herria ostiral arratsaldean. Musika eta Dantza Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek jaialdia egingo dute beste behin ere, eta oraingoan euskal kondairetako pertsonaiak izango dira ikuskizuneko protagonistak. Kalejira 17:45ean abiatuko da Alondegi paretik, eta zuzenean Gurrutxaga plazarantz joango dira: bertan egingo da emanaldia.
Larunbatean, Zumai txarangaren kalejirak izango dira goizez zein arratsaldez. Eguerdian, berriz, 12:30ean hasita, Astindu dantza elkartearen kalejira izango da. Arratsalde partean mozorro lehiaketak egingo dira, eta gauez, 22:00etan hasita, DJ Davilaren saioa izango da Amaiako plazan.
Igande eguerdian, berriz, Betijai fanfarrearen kalejira izango da, eta 17:00ean haurrentzako Yuku eta Himalaiako lorea zinema emanaldia izango da Aita Marin.
Mozorro lehiaketak
Mozorro festa izanik, mozorro lehiaketak ere izango dira aurten. Haurren mozorro onenak larunbatean Gurrutxaga plazan egingo den festan aukeratuko dira. 17:00etan emango dute izena haurrek, eta guztira hiru sari banatuko dira: banako edo bikote onenarena, 0-8 urte bitartekoen taldekako mozorro onenarena, eta taldekakoa baita ere, baina 9-12 urte bitartekoa hirugarrena.
Heldu eta gazteen mozorro lehiaketan, aldiz, bi sari banatuko dituzte: banako edo bikote onenaren saria, 80 eurokoa, eta taldekako mozorro onenaren saria, 200 eurokoa. Bi sariak Gertu elkarteak emandakoak izango dira. Lehiaketan parte hartzeko 18:30etik 21:00etara bitartean Oxford aretoan egongo den Argazki Txokora joan beharko dute. Argazki horiek guztiak baleike.eus webgunera igoko dira eta igandetik aurrera izango da bozkatzeko aukera.