2023ko udal eta foru hauteskundeak

Iñaki Ostolaza izango da EH Bilduren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 9a, 10:41

2019tik da Ostolaza Zumaiako alkatea. (Arnaitz Rubio Aprea)

Aho batez onartu du EH Bilduren oinarriak Iñaki Ostolazaren hautagaitza 2023ko udaberrian egingo diren udal hauteskundeetarako.

 

2023ko udal hauteskundeetara begira jarri da Zumaiako EH Bildu. Hala, Baleikeko komunitatean publikatutako idatzi batean iragarri du Iñaki Ostolaza izango dela koalizioko alkategaia datorren urteko udaberrian egingo diren hauteskundeetarako. 

EH Bilduren mahai politikoak Ostolaza proposatu zuen hautagai moduan. Beste alkategairik aurkeztu ez bazen, koalizioko oinarriak babestu behar zuen mahai politikoaren proposamena, eta hala gertatu da. EH Bilduk azaldu duenez, aho batez berretsi du Ostolazaren hautagaitza, eta bera izango da alkategaia. 

Azaroaren erdi aldera Ostolazaren hautagaitza iragarri zutenean azken agintaldi honetan egindako lana azpimarratu zuen Zumaiako EH Bilduk: "lau urte hauetan gobernutik egindako lanak erakusten du bera dela lan horri jarraipena emateko hautagairik egokiena". Koalizioak gaineratu zuenez, "lau urteotan Zumaia etorkizuneko erronkei begira jarri da, eta geldirik edo geldo zeuden eremu askotan beste martxa bat sartu dela nabarmena da". 

Agintaldi honetan Ostolazak erakutsitako "gertutasuna eta entzuteko gaitasuna" ere goraipatu zuen orduan koalizioak, eta pandemia garaian "herritarrekin eta eragileekin elkarlanean egindako kudeaketa eredua" jarri zuen adibide bezala. 

2019tik da Ostolaza Zumaiako alkate. Urte hartako udal hauteskundeak gehiengoarekin irabazi zituen EH Bilduk. Aurretik ere izan zen zinegotzi Zumaiako udalean, Iñaki Agirrezabalagaren bigarren agintaldian (2011-2015). 2011tik 2017ra Eusko Alkartasunako Gipuzkoako koordinadore ere izan zen, eta exekutiba nazionaleko kide ere bai. EH Bilduren Gipuzkoako mahai politiko kide ere izan da Ostolaza. 

1968an Zumaian jaioa. Industria ingeniaritza teknikoko ikasketak ditu eta Ostolaza Zumaia S.L. enpresako zuzendaria izan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide