Aurtengo udal aurrekontuaren proposamenaren berri eman zuten ostiralean Oier Korta alkateak eta Marikruz Alvarez Ogasun zinegotziak. 2019ko udal aurrekontua 13.703.753 eurokoa izango dela adierazi dute, eta Udal Kirol Patronatuarena, berriz, 1.306.228 eurokoa. Beraz, bi erakundeen aurrekontu bateratua 14.457.981 eurokoa izango da. Iazko udal kontuak 5,5 milioi euroko gerakinarekin itxi zirela ere adierazi dute Udal Gobernuko (EAJ) kideek. Horrez gain, aurtengo aurrekontuak "aurreko urteetakoak baino apur bat ausartagoak" direla iragarri dute. Horrez gain, EH Bilduk aurkeztutako bi proposamen, eta PSEEEren bat txertatu ditu Udal Gobernuak udal kontuen proposamenean. Gaur egingo den ezohiko udalbatzarrean erabakiko dituzte udal aurrekontuak. Arloz arlo ere azaldu dute 2019ko udal aurrekontuaren funtsa. Gizarte Zerbitzuetan aurreko urteetan abiatutako programekin jarraituko dute; horiei Bidelagun izenekoa gehituz. "Kronifikazioan erortzeko arriskuan dauden familiei edo pertsonei laguntza egoera horretatik ateratzeko edo bidean laguntzeko helburua du programa horrek".
Bidelagun, edo Nagusien behatokia bezalako programak abian jartzeko pertsona bat kontratatzeko asmoa ere adierazi dute. "Bete beharra zegoen % 33ko jardunaldia % 100eko jardunaldi batekin beteko da". Horrez gain, Branka eraikinean egokitzapenak ere egingo dituztela iragarri dute. "Obra horiekin, adinekoentzako beste bi pisu egitea lortuko da".
Zumaiako auzoei dagokionez, Larretxoko igogailua egitea jaso dute aurrekontuan, baita San Joseko igogailua amaitzea ere. Estaziorako bideragarritasun plana edota uholdeak saihesteko lanak jaso dituzte proposamenean, eta Artadin saneamendu eta ur hornidura lanekin jarraitzea. Hirigintza sailetik, etxebizitzetan igogailuak jartzeko 17.500 euroko diru partida bideratuko da. Baina horretarako oinarriak oraindik erabaki gabe dituzte. Auzobideetan lanak egitea ere jaso dute.
Alondegian, liburutegiko zerbitzua eguerdietan ere zabalik egotea proposatu dute –uztailean eta abuztuan izan ezik–, eta horretarako, eta Kultur Sailak bete behar dituen beste ardura batzuetarako, pertsona bat kontratatzea aurreikusi dute. Gaztetxola igandetan zabaltzea ere jaso dute, baita Udaltzaingoaren gaueko zerbitzua beste jaiegun batzuetan indartzea ere. "Kirol azpiegitutak egoki mantentzeko beharrezkoak diren inbertsioak egitea aurreikusi dugu, eta horretarako aurtengo udal aurrekontutik 132.000 euro bideratuko ditugu".
Inbertsioen partidan, Udaltzaingoaren eraikineko lanak egitea, eta Skate parkea egitea jaso dituzte. Herriko argiteriaren eraginkortasuna hobetzeko ia 720.000 euro inbertituko dituzte. Horretarako, IDAEk emandako mailegua erabiliz. Berez, inbertsio honen prozesua iaz hasi zuten, baina helegite bat aurkeztu zuten, eta, azkenean, aurten egitea aurreikusi dute.