Gipuzkoako Batzar Nagusiek urtero herri bat aukeratzen dute bilkura ibiltaria egiteko, eta gaur, astelehena, Zumaian elkartu dira batzarkide guztiak. Gipuzkoako herriekin harremanak estutzea da ekimen horren helburua, eta aurtengoa Zumaian egin duten bigarren aldia izan da; izan ere, 1995ean ere Zumaian elkartu ziren bilkura egiteko.
10:30ean elkartu dira batzarkideak udaletxe aurrean, eta aurreskuarekin egin diete horiei harrera. Ondoren, udaletxe barrura sartu dira, eta Oier Korta Zumaiako alkateak Batzar Nagusien ohorezko liburua sinatu du; Batzar Nagusietako presidente Eider Mendozak eta Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok Zumaiako Udalaren liburuan hitz batzuk idatzi dituzte. Mikeleteek jotako Gipuzkoako ereserkiaren doinuekin sartu dira diputatuak udaletxeko pleno aretora.
https://www.youtube.com/watch?v=5oY6ztnYH8U
Alkateak ongietorria egin die batzarkideei, eta gogoratu du Batzar Nagusiak egoera erabat desberdina zenean, 1995ean, ere izan zirela Zumaian, "Gipuzkoa pairatzen ari zen krisi ekonomikoagatik eta ETAren hilketengatik". ETAk Zumaian bost pertsona hil dituela gogoratu du Kortak, horietan azkena, Joxe Mari Korta enpresari eta alkatearen osaba, 2000. urtean. 1995. urte hartatik hona garaiak izugarri aldatu direla onartu du alkateak, "gizarteak aurrera egiten duenaren adibide".
Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidenteak adierazi du duela bost mende baino gehiago bilkurak 18 hiribildu zaharrenetan egiten zituztela, txandaka. "Mendez mende iraun zuen horrek, Espainiako Gorteek foruak deuseztatu eta Batzar Nagusiak desegin zituzten arte". Ehun urteren ondoren, 1995. urte hartan Batzar Nagusietako kideak Zumaiara joan zirenenean "berrikuntza historiko bat" izan zela esan du: "Sei mendetan lehen aldiz, emakume bat aukeratu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietako buru, Ester Larrañaga, Eusko Alderdi Jeltzalekoa. Agintaldi honetan, berriz, emakumeak erdiak baino gehiago gara: 27 emakume eta 24 gizon. Argi dago: emakumeen berdintasun eskubidea historiako aldaketa nagusienetako bat da, eta ez dauka atzerabiderik".
ETAren amaiera ere gogoratu du Mendozak. "ETA bukatu da. ETAk bizia urratu zuen, pertsona askorena eta etxe askotakoa. Baita Euskadikoa ere, herria ez baita tiroz eta bonbaz askatzen, zartatu eta zapaldu baizik. Zatiketa da ETAk utzi duen herentzietako bat. Bada, zatitu behar ez zena batzeko garaia da, bakezkoak egiteko garaia".
Azken urte hauetan bizitzen ari diren migrazio afera ere hizpide izan du presidenteak. "Gizalegez erantzun beharra dago hainbat eta hainbat pertsonari, eta berebiziko erronka honi. Kontrakoa eskandaloa da, zer esanik ez XXI. mendean".
Amaitzeko, Zumaian 1906an jaiotako emakume baten figura goraipatu du Mendozak: Elbira Zipitria Irastorza. "Nor-nori-nork metodoa asmatu zuen 1950eko hamarkadan, aditza ikasteko. Argia eta saiatua, langilea eta kementsua, euskaldun porrokatua eta abertzalea. Emakumea. Uste dut ezezaguna dela oso, zoritxarrez".
Hona hemen, gaur goizeko irudi bilduma: