Jon Iraola Zumaiako Udaleko zinegotziak dimisioa aurkeztu du

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 27a

Udalbatzar bateko irudia. (Baleike.eus) Jon Iraola EAJren udal taldeko Kultura eta Turismo zinegotziak dimisioa eman du. Atzo goizean, udalean ordezkatuta dauden alderdiei dimisioaren berri emateko gutuna igorri zien Iraolak, baita udal langileei eta teknikariei ere. Iraolak gutunean azaldu duenez, erabakia hartzea "ez da erraza" izan. "Tamalez, egunerokotasuna eta momentuko egoera uztarrezinak bilakatu dira niretzat, eta, ondorioz, datorren maiatzaren 17ko osoko bilkuran Turismo eta Kultura zinegotzi eta Udal Gobernuko kide izateari uko egingo diot". Zinegotziak eskerrak eman dizkie ia hiru urteotan lanean aritu diren lagunei. "Izugarri ikasi ahal izan dut zuengandik, eta guztion alboan lan egitea esperientzia ikaragarria izan dela esan beharra dut. Beraz, horregatik guztiagatik, eskerrak ematen dizkizut zuri eta udala osatzen duzuen langile guztioi". Arratsaldean, berriz, udalbatzarrera eraman zuten gaia. Atzo apirileko ohiko udalbatzarra egin zuten, eta gai zerrendan Jon Iraola zinegotziaren dedikazioa baliogabetzea zegoen jasota. EAJko zinegotzia agintaldi hasieratik lanaldi partzialean aritu da udalean, eta atzoko bilkuran lanaldi hori bertan behera uztearen aldeko boza eman zuen. Bilkurako puntu hori aztertzeko gaia tramitera onartu edo ez bozkatu zuten udal ordezkariek, eta EAJko sei zinegotziek nahiz PSE-EEko Arritxu Marañonek aldeko boza eman zuten; EH Bilduko sei zinegotziek, berriz, tramitera ez onartzearen aldeko hautua egin zuten, "informazio falta" argudiatuta. Tramitera onartuta, lanaldi partziala bertan behera utzi edo ez bozkatu zuten, eta EAJko bost zinegotziren aldeko bozak jaso zituen –Iraolak ez zuen botorik eman–, eta Marañonek ere hala bozkatu zuen. EH Bilduko zinegotziak abstenitu egin ziren. Hemen duzue Jon Iraolak igorritako gutuna:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide