'Enigma bizia' izeneko bisita gidatu berria aurkeztu du Geoparkeak

Baleike.Eus 2018ko martxoaren 16a

Erakundeetako ordezkariak kofradiako balkoian. (Baleike.eus) Enigma bizia bisita gidatua Geoparkeak denboraldi honetarako prestatu duen proposamen berria da. Ibilaldi hori Pulpo elkartean amaituko da, eta hain zuzen ere, bertan izan dira gaur denboraldi berria aurkezten Oier Korta Zumaiako alkatea, Leire Barriuso Geoparkeko gerentea, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Pedro Bengoetxea Debako alkatea eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea. Urtean zehar Deban, Mutrikun eta Zumaian eskaintzen diren bisita gidatuekin Euskal Kostaldeko Geoparkeak duen balio natural eta geologiko ikusgarriaz gain, ondare kultural garrantzitsua ezagutaraztea dute helburu. Aurten, bisita gidatuen zortzigarren denboraldia izango da, eta berrikuntza batekin dator. Hain zuzen ere, Zumaiako Udalak sustatuta eta Euskara eta Turismo sailen ekimenez, Enigma bizia izeneko bisita txertatu dute aurtengo Geoparkearen egitarauan. "Flyschak nazioarteko mapan jarri gaitu, eta bisitari kopuru handiena Espainiatik dator. Horri erreparatuz, bisita berriaren helburua izango da euskara bultzatzea eta hari balioa ematea", nabarmendu du Oier Korta Zumaiako alkateak. Iaz, Geoparkeak antolatutako bisita gidatuetan 18.072 pertsonek parte hartu zuten, eta eskaintza berriarekin, Geoparkearen balio geologiko eta naturalaz gain, euskal kultura, historia eta beste hainbat aspektu nabarmendu nahi dituztela esan dute. "Unesco sareko Geoparkea izanik, kultura, hezkuntza eta zientzia gure oinarri ere badira. Bisita berria oso ongi txertatzen da gure programan. Are gehiago, aurretik ere eskaintzen genituen kulturarekin lotutako bisitak, baina honek sendotu egingo du arlo hori", adierazi du Leire Barriuso Geoparkeko gerenteak. 1.300 bisita programatuta Hizkuntza ardatz hartuta, Zumaiako kaleetan barrena egingo dituzte bisitak. 90 minutu iraungo ditu, eta "modu atsegin eta entretenigarrian" emango dute euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen berri. Bisita gaztelaniaz eskainiko dute, baina bisitariek, oinarrizko hitz eta esamoldeak euskaraz esaten ikasteko aukera izango dute. Pulpo elkarte gastronomikoan egingo duten mokadutxoarekin emango diote ibilaldiari bukaera. "Eskerrak eman nahi dizkiogu Pulpo elkarteari. Kanpotik datozenentzat elkarteen figura deigarria izaten da, eta bisita honi esker, gure kulturaren beste zati bat erakutsiko dugu", esan du Kortak. Gaur aurkeztu dute 'Enigma bizia' ibilbidea. (Baleike.eus) Martxoaren 24an hasiko da bisita gidatuen denboraldia, eta urte bukaerara arte luzatuko dute eskaintza. Guztira, 16 bisita gidatu mota egin ahal izango dira, eta 1.300 saio dituzte programatuta. "Proposamen berriaz gain, ohikoek jarraituko dute: itsas-ibilaldiak, familian egiteko aukerak…", gaineratu du Barriusok. Informazioa guztia www.geoparkea.eus webean aurki daiteke. Zein da enigma? Kike Amonarriz arduratu da bisita gidatuaren gidoia idazteaz, Zumaiako Udaleko Euskara eta Turismo zerbitzuaren laguntzarekin. Lan hori egiteko ideiak "ilusio handia" piztu ziola aitortu du soziolinguistak. "Baina pentsatu nuen: hau nola egiten da? Nola kontatuko dugu euskal kultura zer den kalean? Zer kontatuko dugu?", adierazi du. Erronka handiena, beraz, zer eta nola kontatu erabakitzea izan da harentzat. "Kontatu nahi dugu hizkuntza nondik datorren, zein ahaidetasun ditugun, gure ohiturak zeintzuk diren, gure kirolak… Baina gure misterioa zein den kontatu nahi dugu. Hau da, nola iritsi gara XXI. mendera?", nabarmendu du. Maria Jose Telleria aldundiko Kultura zuzendariaren iritziz, azpimarratzekoa da Geoparkea osatzen dute hiru udalerriek egiten duten elkarlana. "Europako kontseiluak eta aldundiak ere bat egiten dugu baloreen kultura indartze horretan. Bisita gidatuak euskararen eta euskal kulturaren presentzia handitzen du". Garbiñe Mendizabal aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria ere bat dator Telleriarekin. "Azken urteotan bisitari asko ari gara jasotzen, eta zergatik ez erakutsi gure hizkuntza, historia, kultura? Nondik dator euskara? Galdera horiek aitzakia hartuta, eta Koldo Mitxelenak zioen bezala, euskararen misterioa ez da jatorria, gaur arte iraun duela baizik. Ideia horri tiraka, gauza polit asko ezagutuko du etortzen denak". Ibilaldiak euskararen eta euskal kulturaren ikuspegi orokor bat emango du, baina Zumaiako erreferentzia asko izango ditu. 90 minutuko bisita gidatuak bederatzi geldialdi izango ditu guztira. Bigarren errebalida prozesua Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010ean sartu zen Unescoren Munduko Geoparke izendapenean, eta lau urtetik behin errebalida prozesua pasatu behar izaten du. "Lehenengoa 2014an pasatu genuen, eta aurten dugu bigarrena. Udan etorriko dira Unescoko bi ebaluatzaile, eta horiek ongi hartuko dute kulturarekin eta euskararekin hartu dugun konpromisoa eta lana. Bisita berri honek asko aberasten du gure programa", esan du Barriusok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide