Hautsak harrotu ditu Zumaiako tuneleko horma irudia ezabatzeak

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 5a

Zumaian zapatuan margotu zuten horma irudia, eta ondoko irudian irudia ezabatuta. (Kalea Guztiona Da) Martxoaren 8aren harira, Zumaiako mugimendu feministako kideek eta Kalea Guztiona Da mugimenduko kideek joan zen zapatuan tren geltokira bideko tunelean koloreztatu zituzten horma irudiak ezabatu ditu udalak bi eragile horiek salatu dutenez. Gauak gureak dira izeneko egitasmoa egin zuten zapatuan emakumeek kalean gauean aske ibiltzeko duten eskubidea aldarrikatzeko, eta Kalea Guztiona Da taldeak salatu duenez, irudiak "gauez eta grisez zentsuratzeko" agindu du Zumaiako alkateak. "Martxoaren 8a ate joka dugula, berdintasunaren bidean 'ekarpen paregabea' egin dute Zumaiako agintariek", salatu dute mugimenduko kideek. Haien arabera, "jarrera eredugarria izan beharko lukeen aginte publikoak matxismoaren zama gainetik kentzeko herriko emakumeek egindako egitasmo publikoa txalotu beharrean, zentsuratu egin du murala". Gertatutakoaren aurrean, "orain arrazoi gehiagorekin" planto egingo dutela esan dute Kalea Guztiona Da mugimenduko kideek. Zumaiako Mugimendu feministak ere oharra kaleratu du gertaeraren harira, eta horma irudia ezabatu izana salatzeaz gain, jakinarazi du larunbatean bertan emakume bat "identifikatu" zutela. "Gaur, goizean goiz, guztion artean osatutako murala ezabatu digute. Gure aldarrikapenak zentsuratu ostean berriro koloreztatu dugu pasabidea, eta gaurkoan, beste sei emakume identifikatu ditu Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin batera. Hain justu, bere garaian Udalarekin elkarlanean egitekoa zen murala margotzeagatik". Baleike.eus-en irakur daiteke Zumaiako mugimendu feministak Zentsura matxistarik ez lelopean kaleratu duen oharra osorik.
Zumaiako Udalak ere oharra kaleratu du, Zumaiako mugimendu feministak eta Kalea Guztiona Da mugimenduak elkarlanean egindako horma irudia dela eta. Udalak esan du bat datorrela asteburuan egin diren pintaketen "xede eta aldarrikapenekin", baina adierazi du ez dagoela ados horma irudi horiek egiteko jarraitutako prozedurarekin. "Margotze lanak inolako baimenik edo aurre kontsultarik gabe egin dituzte", azaldu du erakundeak. Gainera, udalak gogorarazi du 2016ko otsailean hartutako erabakiari segituz, pintaketak ezabatzeko "saiakera" egin duela udalak, eta salatu du Kalea Guztiona Da mugimenduak garbitzaileen lana "galarazi" duela eta zapatuko horma irudiaren gainean beste bat egin duela: "Udala ez dator bat azken pintaketa horiekin". Zapatuko irudia ezabatu ostean egin duten murala. (Zumaiako Udala) Zumaiako Udal Gobernuak salatu du Kalea Guztiona Da mugimendua Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenez "baliatu" dela mugimenduaren kausaren zein interesen alde egiteko eta udalaren aurka jotzeko. "Hori argi geratu da langileak pintadak ezabatzera joan direnean Kalea Guztiona Da mugimenduko kideek azaldutako jarrerarekin. Halaber, jarrera horrek berdintasunaren aldeko bide eta borrokari mesede eskasa egiten dio", esan dute Udal Gobernuko ordezkariek. Horri lotuta, esan dute herritarren arteko elkarbizitza "egokia" bermatzeko antolaketa bati jarraitzea "ezinbestekoa" dela, eta azpimarratu du espazio publikoen erabilera eta antolakuntza zuzentzea udalari dagokiola. "Espazio publikoak erabili edota margotzeko ohiko prozedura jarraitzeko eskatzen dugu, gainerako zumaiarrek zein herriko elkarte edota eragile guztiek egiten duten bezala". Hori guztia esanda, udalak adierazi du "horrelako zein bestelako" aldarrikapen ekintzak eta ekitaldiak laguntzeko eta babesteko borondatea duela eta proposamenak entzuteko eta jasotzeko udaletxeko ateak irekita daudela gogorarazi du. Zumaiako mugimendu feministak honako bideo hau ere zabaldu du murala ezabatu dutela eta: https://www.youtube.com/watch?v=hmawZQRqr9Q

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide