Sanferminetako entzierroa udalekuetako ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. (Baleike)
Negu giroan murgilduta egon arren, uda sasoiari begira, Zumaiako Udalak dagoeneko zabaldu du datozen udako udaleku irekietan begirale eta koordinatzaile lan egiteko izena emateko epea.
Udaleku irekien helburua 3-12 urte bitarteko umeentzat aisialdiko gozamen espazio ludikoa eskaintzea da. Horretarako, balio batzuk landuko dituzte; hala nola, euskararen sustapena, autonomia pertsonala, berdintasuna eta elkarbizitza, besteak beste.
Koordinatzaile lanerako aurkezten direnen kasuan, lanaldiaren epea ekainaren 25tik uztailaren 27a bitartekoa izango da (biak barne). Begiraleena, aldiz, txandaren araberakoa izango da: uztailaren 2tik 13ra edo uztailaren 16tik 27ra bitartekoa (biak barne). Bi txandetan lan egin nahi izanez gero, kontratuaren iraupena uztailaren 2tik 27ra artekoa izango da.
Azken eguna: martxoak 6
Prozesuan parte hartu eta begirale edo koordinatzaile lanean jarduteko baldintza nagusienen artean ezinbestekoa izango da 18 urte beteta izatea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako tituluaren jabe izatea, euskaraz ulertu eta ondo hitz egitea, denbora libreko begirale titulua izatea (koordinatzaileen kasuan), eta natura sexualeko delituengatiko aurrekari penalik ez izatea.
Beste urteetan parte hartu dutenek berriak dituzten ziurtagiri edo tituluak soilik aurkeztu beharko dituzte. Horrez gain, hautaketa prozesuan aintzat hartuko da hautagaien lan esperientzia.
Koordinatzaile eta begirale lanetan jardun nahi dutenek, bi eskaera orri aurkeztu beharko dituzte. Izena udaletxean bertan eman beharko da martxoaren 6a bitartean, ohiko ordutegian: 07:45etik 14:30era.