Jon Agirre Zestoako Agote auzoko txirrindularia. (Izaskun Urbieta)
Normalean bakarrik entrenatzen du Jon Agirre (Arroabea, Zestoa, 1997) txirrindulariak. Txirrindularitzaren bereizgarrietako bat da hori. "Asteburutan, ordea, jende gehiago ateratzen da errepidera, eta orduan, taldetxo batekin edo bestearekin irteten naiz", adierazi du Agirrek.
Goizetan, aitaren tailerrean egiten du lan, eta eguerdi-arratsalde partean, entrenatzera ateratzen da. Egunotan, denboraldi-aurrean murgilduta dago, eta hori dela eta, gimnasioko ariketak ere egiten ditu: "Bi egunetan bizikletarekin ateratzen naiz, lau bat orduz entrenatzera: hiru egunetan, berriz, gimnasiora joaten naiz; beste egun batean asimilazio lana egiten dut; eta azkenengoan, atsedena hartzen dut".
Viveros San Anton taldean hasi zen 12 bat urterekin, eta han laupabost urte egin ondoren, Eulen taldean egin ditu azken bi urteak. Ongi gogoratzen du bere hasiera. "JubenilĀ mailan hasi nintzen batez ere nabarmentzen. Gero, baina, gaixotu egin nintzen eta beherako joera hartu nuen. Afizionatu mailan hasi nintzenean, berriro ere gustura ekin nion entrenatzeari, eta horrela egin ditut azken bi urteak". Pozik eta lagunartean igaro du orain arteko ibilbidea. "Asko ikasi dut, zuzendari eta entrenatzaile onekin egin dut topo, eta ea ikasitako guztia baliagarria zaidan hemendik aurrera ere".
2017ko denboraldiaren hasiera gogorra izan zuen lesioak tarteko, baina gustura amaitu du Agirrek. "Hasieran belauneko tendinitisa izan nuen, eta gero eskuineko lepauztaia puskatu nuen".
Egutegi zabalagoa
Ekainaren bukaeran, euskal selekzioak hautatuta, Espainiako txapelketa jokatu zuen Sorian, eta horren ondoren, Baque-BH taldearen deia jaso zuen. "Taldeko zuzendariak aipatu zidan, hurrengo urteari begira bertako txirrindulariak nahi zituela taldean, horren aldeko apustua egin". Hogei txirrindulariz osatu da taldea, eta horietatik erdiak Euskal Herrikoak dira.
Europako txirrindularitzako talde zaharrena da, eta datorren denboraldian 40. urtemuga beteko du. "Ikasteko aukera handiagoa izango dut talde honetan, eta profesionaletara iritsiĀ nahi badut, ahal dudan talderik onenera joan behar dut. Gainera, gutxienez txirrindulari bat pasatzen dute profesional mailara urtero".
Talde lehiakorra eta izen handikoa da Baque-BH. Marino Lejarreta eta Ruben Gorospe bezalako txirrindulari ohiak daude zuzendaritza taldean. "Prestatzaile bezala ere profesional izandako Adrian Lopez Garrido txirrindularia daukagu eta berak lagunduko digu".
Agirrerentzat, taldearen beste indargune bat egutegia da. "Kanpora asko joaten dira, Europa aldera batik bat, eta hori esperientzia hartzeko ona da". Hala ere, gertuko lasterketetan du jomuga: Bidasoako Itzulian, eta Gorla eta Urrakiko igoeretan. "Azken bi hauetan, mendi gainean bukatzen dira etapak eta ni nahiko ongi moldatzen naiz igoeretan".
Egunen batean txirrindulari profesional izatera iristea du helburua. Zaila dela badaki, baina ez da saiatu gabe geldituko. Afizionatu bezala beste bi urte egitea aurreikusten du. "Ez banaiz gora egiteko gai, utzi eta lanean jarraituko dut".