Atzo arratsaldean
Bartzelonan gutxienez 13 hildako eta 80 zauritu eragin zituen erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur eguerdirako Azpeitiko, Zarauzko eta Zumaiako udalek. 12:00etan izango dira bilkurak Azpeitikoa plazan, Zarauzko Lege Zaharraren enparantzan eta Zumaiakoa udaletxearen aurrean. Elkarretaratzeak deitu dituzte biktimei zein horien senideei eta lagunei elkartasuna adierazteko.
Azpeitiko Udalak herritarrei elkarretaratzean parte-hartzeko deia egin die. Gainera, udalak doluminak eta elkartasuna helarazi nahi izan ditu Bartzelonara eta Herrialde Katalanetara. "Tot el nostre suport i solidaritat amb Catalunya", adierazi du udalak.
Azkoitiko Udalak ere oharra kaleratu zuen atzo gauean, eta erakundeak "gaitzespen irmoa" adierazi du erasoaren aurrean. Horrenbestez, hainbat hildako eta zauritu eragin dituen eraso basatia salatu du.
Azkoitiko EH Bilduk ere oharra kaleratu du. Koalizioak "samina" adierazi die erasoan hil edo zauritu diren herritarrei, haien familiei eta Kataluniako herriari. EH Bilduk esan du eskubideetan eta demokrazian oinarritutako gizarte ereduan sinesten duela koalizioak, eta horren alde lan egiten duela. "Egunero borrokatzen du EH Bilduk, Euskal Herrian eta mundu zabalean harremanak dituen herrialde guztietan". Horregatik, koalizioak esan du mundu osoan gertatzen diren giza eskubideen oinarrizko printzipio demokragtikoen aurkako eraso guztiak salatzen dituela.