(Baleike)
Joan den ostiralean Zumaiako Aitzuri pilotalekua bete egin zen Benito Lertxundiren kontzertuaz gozatzeko. Kontzertu ederra eskaini zuen oriotarrak, maila handiko musikariz lagunduta. Zoritxarrez, tabernako zarata sartzen zen frontoira –sabaia irekia du tabernak eta soinua frontoira zabaltzen da zuzenean– eta zapuztu egin zuen, hein batean, Lertxundiren saioa. Kantaria bera ere kexu agertu zen.
Horren aurrean, tabernako zaratak eragindako eragozpenengatik barkamena eskatu eta etorkizunari begira konponbidea emateko aukerak aztertuko dituela adierazi du Zumaiako Udalak.
"Pilotalekuan egin den lehen kontzertua izan da Lertxundirena. Bertako azpiegiturak egokiak iruditu zitzaizkigun maila horretako kontzertu bat eskaintzeko, herrian edukiera handiena duen lekua baita, baina ez genuen uste tabernak horrenbesteko eragina izango zuenik", adierazi dute udaletik. Etorkizunera begira, larunbatean gertatutakoari konponbidea emateko aukerak aztertuko dituela ere azaldu du udalak.
Zumaiako Udalak eta Bazterrak Musika promotorak bidalitako prentsa oharrean zumaiarrek kontzertuan zehar izandako jarrera eta erantzun beroa goraipatu dituzte. Benito Lertxundiri eta bere taldeari ere eskerrak eman nahi dizkiete, baldintza horietan kontzertu eta gau paregabea eskaintzeagatik.