Otazuri zentroko, aldundiko eta Zumaiako udaleko ordezkariak. (Juan Luis Romatet)
Zumaiako Otezuri egoitzak beste hamar plaza izango ditu II eta III mailetako mendekotasuna duten pertsonentzako. Hala iragarri dute gaur, osteguna, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikarako diputatuak Zumaiako Puntanuetan dagoen egoitzara egindako bisitan. Zumaiako alkate Oier Korta ere bisitan izan da.
Aldundiak azaldu duenez, Otezuri egoitzak 45 plaza beharrean 55 izango ditu. Neurri hori hartuta, Urola Kostan eta Deban dauden itxaron zerrenda arindu nahi du aldundiak. Plaza berriak Urola Kostako eta Debako herritarrei zuzendutakoak izango direla iragarri du ahaldun nagusiak; izan ere, Deba ingurua geografikoki Urola Kostatik gertu dagoelako. "Deba inguruak biltzen ditu Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Debako udalerriak, eta herri horietan egoitza zentroetarako itxaron zerrenda %25ekoa da". Markel Olanoren esanetan, ingurune horretan ez dago plaza berriak hitzartzeko aukerarik. Hori dela eta, adierazi du Otezuri zentroan hitzartuko diren plaza berri horiekin, "Deba eta Urola Kostako erabiltzaileen eskaerari erantzun" ahalko diotela.
Plaza horiek gehitzeko 90.000 euroko inbertsioa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Maite Peña diputatuak azaldu duenez. Helburua Gipuzkoako gizarte baliabideetako sare publikoaren eskaintza gizarte beharretara egokitzea eta lurralde oreka lortzea dela aipatu dute aldundiko ordezkariek. "Neurri horiei esker, zerbitzuen eskaintzaren kalitatea hobetzen ari gara, pertsonen beharretara egokitutako arreta bermatzeko eta egoiliarrak beren etxeetatik ahalik eta gertuen egoteko".
Aldundiak azaldu duenez. Gipuzkoako gizartea zahartzen ari da, eta horri erantzuteko "estrategia osatua" prestatu dutela adierazi du Markel Olanok. "300 plaza gehiago sortuko ditugu agintaldi bukaerara bitartean". Zumaian hitzartutako hamar plaza berri horiekin, 141 plaza berri sortuko dituztela azpimarratu du Olanok. "Aurten, gutxienez, beste 68 sortuko dira", azaldu du. Horrez gain, mendekotasun gaietarako aurten ia 60 milioi euro bideratuko dituztela ere esan du.
Gizartearen zahartzaroarekin lotuta, eta Etorkizuna eraikiz programaren barruan, aldundiak Pasaian egoitza bat irekiko duela ere iragarri dute. "Zahartzaroaren eta osasunaren arloan punta-puntakoa izango da zentroa, eta laguntza zerbitzuak hobetzeko prozesu berriak aztertuko dituzte bertan".