Turistek euskararekiko duten pertzepzioa jakin nahi du Zumaiako Udalak

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 7a

Turistak, Zumaiako Sanjuan iturrian. (Juan Luis Romatet) Zumaiako Turismo Plana abian du udalak, eta horren barruan, turismoaren inguruan herritarrek duten iritzia jakin nahian, galdetegi bat prestatu du. Orain bigarren galdetegi bat garatu du, turistei zuzendutakoa, eta honen helburua da turistek euskararekiko duten interesa ezagutzea, baita bisitaldian hizkuntzarekin izandako hartu-emanaren edo esperientziaren berri jasotzea ere. Zumaia Euskal Herriko eskualderik euskaldunenean kokatuta dago, eta azken urteetan, euskararen ezagutzak eta erabilerak ere gora egin dute erabat. Eta badirudi kanpotarrek ere nabarmendu dutela hori. Udaletik jakitera eman dutenez, gaur egun lagun asko eta asko dira Turismo Bulegoan euskararekiko interesa agertzen dutenak. "Guk jakin badakigu euskara dela gure altxor preziatuenetako bat, baina inkesta horrek, turistek gure hizkuntzarekiko duten pertzepzioa eta euskarari ematen dioten balorea ere ezagutzen lagunduko digu", adierazi dute udal ordezkariek. Turistei zuzendutako galdetegi hori herriko ostalaritza alojamenduetan, Algorri Interpretazio Zentroan eta Geoparkeko bisita gidatuetako txalupetan banatu dute, "bertatik pasatzen diren bisitariek bete dezaten". Zumaiako Udalaren ustez, emaitzak baliagarriak izango dira etorkizunera begira, "bisitarien artean euskara bultzatu eta hizkuntzari zabalkundea emateko ekimen edo ekintza desberdinak proposatzeko, lantzeko eta garatzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide