Galdeketen aurtengo hirugarren olatua izango da igandekoa. Euskal Herriko 51 herritan egingo dituzte kontsultak. 247.258 hautesle daude boza ematera deituta.
Herri galdeketen beste olatu bat iritsiko da Euskal Herrira maiatzaren 7an, igandez. Ez da lehen olatua izango; izan ere, aurreneko galdeketak 2013an Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta 2014an Arrankudiagan (Bizkaia) egin zituzten. Ordutik, beste 89 herritan ere egin dituzte kontsultak. 2016an Azpeitiko, Goierriko, Ispasterreko, Aramaioko, Debagoieneko, Bakaikuko eta Dimako herritarrek hartu zuten hitza. Eta aurten ere hainbat herritan egin dituzte galdeketak: martxoaren 19an Oarsoaldean, Tolosaldean, Larrabetzun, Astigarragan eta Hernanin egin zituzten; eta apirilaren 2an Busturialdean eta Arrigorriagan.
Aurtengo hirugarren olatua izango da igandekoa, eta Urola Kostako zortzi herritan ez ezik, Debabarrenan, Durangaldean, Lasarte-Orian, Usurbilen, Lea-Artibain, Legution, Urkabustaizen, Orozkon, Uribe Butroen, Uribe Kostan, Zeanurin eta Zubietan jarriko dute erabakitzeko eskubidea praktikan. Orotara, 51 herritan egingo dituzte galdeketak, eta 247.258 hautesle daude boza ematera deituta.
Aurtengo laugarren galdeketa sorta, berriz, ekainaren 18an egingo dute Nafarroako hainbat eskualdetan, hala nola Basaburuako, Bortzirietako eta Sakanako herrietan. Herriz herriko galdketen ostean, Euskal Herriko hiriburuetara egingo du jauzia Gure Esku Dagok.
Aurrekaria, Azpeitia
Joan den urteko ekainaren 5ean Azpeitian egin zuten Urola Kostako lehen herri galdeketa. Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? galderari erantzun zioten 4.776 azpeitiarrek egun hartan. Botoa ematera deituta zeuden 16 urtetik gorako herritarren %39,37k eman zuen boza Hitzartu elkarteak antolatutako kontsultan.
Botoa eman zuten azpeitiarren %94,56k (4.524 herritar) independentziaren aldeko hautua egin zuen. Aldiz, galderari Ez erantzun zioten bozkatu zuten herritarren %3,98k. Horrez gain, 52 boz baliogabe izan ziren galdeketan, boto guztien %1,1.
Galdeketaz balorazio «oso positiboa» egin zuen Hitzartu elkarteak egunaren bukaeran; izan ere, parte-hartzeari dagokionez, oso datu ona izan zen Azpeitian jasotakoa. Gaur arte egindako galdeketa guztien batez bestekoaren –%27,66– oso gainetik dago Azpeitiko parte-hartze datua.
Orain arteko herri galdeketetan 301.245 lagunek izan dute boza emateko aukera, eta 83.350ek bozkatu dute. Herritar gehienek, %95,38k, baietz bozkatu dute; eta,%3,06k, ezetz.