Zumaiako Sanjuaniturria. (Juan Luis Romatet)
Apirila joan da, eta berarekin eguzkia ere bai, dirudienez. Hala eta guztiz ere, egun ederrak izan dira Aste Santuan eta Pazko Astean, eta horrek bultzada nabarmena eman dio bertako turismoari. Bisitarien kopurua hazi egin da, eta iazko datuei erreparatuz, emaitza ezin hobea izan da aurtengoa, bai Zumaian bai inguruko herrietan. "Aste Santu ederra izan da herrian, eta baita Euskal Herri osoan ere. Eguraldi ona izan dugu lagun, eta horrek asko baldintzatu du turismoaren gorakadan", adierazi du Jon Iraola zinegotziak.
Apirilaren 13tik 23ra bitartean turismo bulegoan jasotako datuak oso positiboak izan dira. "Guztira, 2.252 pertsona izan dira bertan. Horietatik 553 Euskal Herritik etorritakoak izan dira; 1.209 Espainiatik; eta atzerritik, berriz, 292 lagun etorri zaizkigu, gehienak Alemaniatik", jakitera eman du Esti Irureta turismo teknikariak.
"Fruitua ematen"
Ildo beretik, aipagarria da ere Euskal Kostaldeko Geoparkeak, hiru herrietan –Deban, Mutrikun eta Zumaian– eskaini dituen bisita gidatu kopurua. Guztira, 57 irteera egin dira, eta 1.416 lagunek hartu dute parte. Kasu honetan, iazko datuekin alderatuta, Geoparkeak 911 bisitari gehiago izan ditu. "Ikusten ari gara urte hauetan guztietan arlo honetan egindako lana bere fruitua ematen ari dela", azpimarratu du Iraolak.
Iruretaren arabera, "datu horiek oso pozgarriak dira guztiontzat. Azken finean, gure herriaz haratago, gure eskualdea eta gure kostaldeko altxorrak ezagutzera ematen ari direnaren isla baitira".
Ostalariak eta merkatariak ere pozik agertu dira. Azken urteetako joera mantenduz, herriko ostatuen eta jatetxeen okupazioa, bai Aste Santu bai santelmoetako lehen asteburuan, oso altua izan baita. "Bi aste horietan jasotako datuak onak izan dira, eta horiek eragin zuzen eta positiboa izan dezakete herriko merkatariengan eta ostalariengan. Baita orokorrean Zumaiarengan ere, gure ondarea eta kultura zabaltzeko modua baita", gaineratu du Iruretak.
Aurten, gainera, erromesentzako aterpetxeak inoiz baino lehenago ireki ditu ateak, eta erantzuna paregabea izan duela azaldu du. "Apirilaren 1ean zabaldu genuen, eta ordutik 162 erromes igaro dira bertatik. Gehienak atzerritarrak izan dira".