Joan den asteburuan Zumaiako kaleetan agertu ziren pintaketak "gaitzetsi" ditu Zumaiako Udalak, eta erakundeak adierazi du horrelako ekintzek ez dutela lekurik, "egungo gizartean elkarbizitza oztopatzen dutelako". Horri lotuta, azken boladan inguruko herrietan egin dituzten pintaketekiko desadostasuna agertu du udalak. "Asteburuan Zumaian egindako pintaketak ez dira soilik herri mailara mugatu, Hernaniko frontoian, Añorgako futbol zelaian eta Antiguako auzoan ere agertu dira. Eta Pasaian, adibidez, pankarta bat jarri dute".
"Garai berriek jarrera berriak eskatzen dituzte. Pintaketak eta hiri-altzarien aurkako erasoak atzean utzi genituela uste genuen, baina, zoritxarrez, horrelako ekintzekin aurrera pausoak eman ordez, denboraren makinan sartu eta beste garai batzuetara itzultzen ari garela dirudi. Asteburu honetako ekintza eta jokabideak atzean uzteko garaia dugu elkarbizitza oztopatzen dutelako, eremu publikoan egindako pintaketek herritar guztiengan baitute eragina", adierazi dute udal ordezkariek.
Hori dela eta, herria "guztiona" dela gogorarazi du udalak, eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko, "beharrezkotzat" jo du eremu publikoal eta pribatuak, hiri-altzariak zein herri ondarea "zaintzea eta errespetatzea".
"Jakina da herri batean askotariko iritziak eta pentsamoldeak daudela, eta zentzu horretan, hasieratik esan dugu horien guztien adierazpen askatasuna bermatzea dela gure nahia, baina, horretarako ere, elkarbizitzarekin eta bizikidetzarekin batera, errespetuak izan beharko luke ukaezineko oinarri eta printzipioa", adierazi dute udal ordezkariek.