Sagrario Egaña. (Izaskun Urbieta)
1937ko otsailak 13. Nola gogoratzen duzu egun hori?
Umea nintzen, eta ez dut oroitzapen zehatzik. Baina amak beti esaten zuen euri asko egin zuela. Orduko argazkietan ikusten da maleta eta poltsa txikiak genituela. Beraz, beharrezkoa eta funtsezkoa bakarrik hartuko genuela pentsatzen dut.
Nora kanporatu zintuzteten?
Bilbora. Etxe eder batera joan ginen. Bertan bizi zirenak, berriz, beste leku batera bidali zituzten. Etxe horretan, hasiera batean, familia osoa bizi ginen. Hau da, aita, ama, ahizpa Madalen, osaba Imanol, izeko Miren, izeko Lucila eta ni.
Bilbotik beste leku batera joan zineten?
Gure familia ez. Alde horretatik, zortea izan genuen. Baina ezkongabeak ziren izeko Lucila, izeko Miren, osaba Imanol eta osaba Doroteo Frantziara joan ziren. Horiei, gainera, kostatu egin zitzaien bueltatzea. Nire aitak erreklamatu behar izan zituen, ez baitziren gurasoak bizi. Beste askok ere Frantziara edo Suitzara joan behar izan zuten.
Aita zuek baino lehenago joan zen Bilbora?
Gerran parte hatzera joan zen, gudari moduan. Aita ofizial ona zen, eta horregatik eraman zuten hirira. Zortea izan zuen eta lanean hasi zen tailer batean.
Gose handia pasatu zenuten?
Bai, beti izaten nuen gosea. Amari behin eta berriz esaten nion: «Ama, gosea!». Aitak ekartzen zuen egunero ogia etxera. Behin, ogia erosteko ilaran zegoela, lanera bueltatu behar eta itxaroteko denborarik ez zuenez, ogia harrapatu zuen dendatik. Atzetik segika hasi omen zitzaizkion, oihuka, ordaintzeko eta ordaintzeko esanez. Aitak familia gosez ez egotea bakarrik nahi zuen.
"Ama, gosea!". Esaldi horrekin ezagutzen omen zintuzten…
Gure moduan kanporatu zuten eta Bilbon bizi zen beste familia batekin harremana izan genuen, eta haiek horrela deitzen zidaten. "Hau al da 'ama gosea' esaten duena?", esaten zuten ikusten nindutenean. Urte asko pasatu ondoren, bisitan etorri zitzaizkigun, eta oraindik ere ezizen horrekin gogoratzen ziren.
Zer gogoratzen duzu Bilboz?
Batez ere, kalean lau hanketan ibiltzen zen eskale batez akordatzen naiz, atentzioa deitzen zidan. Ikusten nuen bakoitzean, aho zabalik berari begira gelditzen nintzen. Egun batean, beldurtu egin ninduen eta ez nuen gehiago ikusi nahi izan. Oraindik ere grabatuta daukat bere aurpegia nire memorian.
Ingalaterrara bidali nahi zintuzteten ahizpa eta biok.
Bai, han arriskuan geunden, eta familiako haurrak, hau da, nire ahizpa eta ni, Ingalaterra bidali nahi gintuzten. Baina gure ama oso gogorra zen, eta ezetz esan zuen. Bere umeak berarekin izan nahi zituen. Hauxe esaten zuen: "Nik hil egin behar badut, nire umeak ere nirekin hilko dira. Eta salbatu behar badugu, denok batera salbatuko gara".
Salbatzeko modu bat babeslekuetan gordetzea zen?
Hori da. Normalean etxean egoten ginen, beldurra zen nagusi. Baina nahi baino gehiagotan tokatzen zitzaigun babeslekura joatea. Momentu horietan ama urduri jartzen zen. Gainera, sirena hotsa edozein ordutan entzun zitekeen. Amak zerbait hartzen zuen, arropa edo janaria, eta azkar-azkar babeslekura joaten ginen.
Kafetegira joaten zineten batzuetan txokolatea hartzera. Behin zer pasatu zitzaizuen?
Txokolatea jaten ari ginela sirena hotsa entzun genuen. Zer esanahi zuen horrek? Bonbardaketa bat zetorrela eta azkar batean babeslekura joan behar genuela. Gu babeslekura joan ginen, eta kafetegian gelditu zirenak, gu baino ausartagoak izango zirenak, dena jan zuten. Egoera lasaitu zenean, berriro hara joan ginen, eta dena amaituta zegoen.
Sirena hots hura betirako gogoan duzun zerbait da, ezta?
Bai, beldur handia eragiten zidan, eta, noski, sirenak entzundakoan ahal zen tokira sartu behar izaten genuen. Lasai ez ginen inoiz egoten. Sirenak noiz joko bizi ginen, beti erne. Zumaiara etorritakoan eta gerra bukatutakoan ere, askotan joaten ginen mendira denbora pasatzera, eta hegazkinen soinua-edo entzundakoan, ezkutatzen hasten ginen. Barruan gelditu zitzaizkigun soinu horiek.
Osaba-izebek Frantziara alde egin zuten. Urte asko egon ziren kanpoan, eta horietako bat, Doroteo, oraindik eta gehiago.
Azkenean, Bilboko etxe hartan ama, aita, ahizpa eta laurok gelditu ginen. Urte pila bat beste senitartekoak ikusi gabe egon ginen. Osaba Doroteori, adibidez, gerran parte hartzea eta soldadutza egitea tokatu zitzaion. Etxera bueltatu gabe urte ugari egon zen, 10 bat urte uste dut. Gaztetasun guztia kendu zioten, eta oso gaizki pasatu zuela esaten zuen.
Bilbon hiru-lau urte egin ondoren, Zumaiara bueltatu zineten. Zer gertatu zitzaizuen?
Gaitzen bat-edo ekarriko genuen beldurrez, San Juan egoitzara eraman gintuzten. Denbora pila bat pasatu genuen han, eta ikusi zutenean osasuntsu geundela, etxera joaten utzi ziguten. Egoitzan ginela, ezin izan genuen kalera atera ezertarako, eta medikua Zestoatik etortzen zen gugana. Hark esaten zuen herrian zeuden umeak baino garbiago geundela, eta, hala ere, egoitzan eduki gintuzten.
Zer moduzko harrera izan zenuten herrian?
Askok gorrotoa adierazten ziguten. Mespretxatuak izan ginen. "Hauek hala ere ez dira hiltzen" edo "lehen baino hobeto etorri dira" bezalakoak entzun behar izan genituen. Zaila izan zen, baina lortu genuen aurrera egitea.