Aitzuri pilotalekua erabiltzeko aukera emango zaie zumaiarrei

Baleike.Eus 2017ko ots. 14a, 18:48

Jada sei hilabete baino gehiago egin ditu Aitzuri pilotalekuak irekita, eta ikastetxeek edo pilota elkarteko kideek entrenamenduak han egiten dituzten arren, Zumaiako Udalak frontoia libre geratzen den orduetan kantxa alokatzeko aukera zabaldu du.

Pilotalekua alokatzeko orduak honako hauek dira:

  • Astelehena: 10:00-11:00 eta 13:00-15:00

  • Asteartea: 10:00-11:00 eta 13:00-14:30

  • Asteazkena: 09:00-10:00 eta 15:30-16:30

  • Osteguna: 12:30-14:30

  • Ostirala: 12:30-14:30 eta 16:15-17:00

Gainerako orduetan herriko ikastetxe eta pilota elkarteko kideek erabiliko dute. Halaber, asteburuetan ere kantxa alokatzeko aukera izango dute zumaiarrek, baina ordutegia pilota elkarteak jokatzen dituen partiduen ordutegiaren araberakoa izango da. Beraz, ostegunetik aurrera kiroldegian galdetu beharko da asteburu bakoitzeko ordutegiagatik.

Alokairuaren prezioa

2017ko zerga ordenantzetan jasotakoaren arabera kantxaren erreserbaren prezioa 13€koa izango da orduko. Argia gehitu nahi izanez gero, 3.5€ gehiago ordaindu beharko dira ordu bakoitzeko.

Erabilera egokirako hainbat jokabide eta aholku:

  • Aitzuri pilotan jokatzeko eraikina da, beraz ezingo da baloirik erabili, ez frontoian ezta beste eremuetan ere.

  • Pilotalekuan zapatilak erabili beharko dira, ez bota edo zapatak.

  • Harmaila ikusleentzat erreserbatutako eremua da. Ez da jolaslekua.

  • Pipak, kakahueteak edo gainerako gozokiak jatea debekatua dago.

  • 10 urtetik beherako haurrak frontoian bere erantzule den heldu batekin egon beharko dute.

  • Pilotalekuarekin eta pilotariekin errespetuz jokatu behar da, erabilera normala ahalbidetuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide