Aparkalekuen inguruko bilerak antolatu dituzte aste honetarako

Juan Lui S Romatet 2017ko urtarrilaren 17a

    Besteak beste, Odietako bizilagunekin elkartuko da udala, gaur. (Baleike) Aste honetarako herritarrekin hiru bilera ireki deitu ditu udalak, eta beste bana ostalari zein merkatariekin. Bileretan behar eta proposamenak jasotzeaz gain, aparkalekua arautzeko udal gobernuak landutako proposamenaren berri emango dute. Gaur, asteartea, Amaia Plaza, Angeles Sorazu, Arritokieta, Arroa, Bonifacio Etxegarai, Erribera, Eusebio Gurrutxaga plaza, Foruen Enparantza, Mari, Martinez Kleisser, Kale Nagusia (2, 4, 6, 8, 10, 12, 14), Odieta, Olazabal Idazkaria, San Jose, San Pedro eta Txomin Agirre kaiako bizilagunekin bilduko dira udalekoak. Bilera 19:00etan egingo da Alondegiko Oxford aretoan. Bihar, asteazkena, herriko ostalariekin egingo dute bilera Alondegian, 09:00etan. 14:30-ean, aldiz, merkatariekin bilduko dira, haien iritzi eta proposamenak ere ezagutu ahal izateko. Bihar, 19:00etan, Narrondo, Oikia, Artadi eta inguruko baserrietako bizilagunen txanda izango da, Alondegian. Amaitzeko, ostegunean, Aita Mari, Alai, Basadi, Jadarre eta Estazioko auzokideekin eta Aitzuri, Axular-Ortiz, Izaga, Izustarri, Sagarbide eta Victoriano Arrate etorbideko bizilagunekin bilduko da udala, 19:00etan, Aita Mari aretoan. Bilera horietan jasotako proposamen eta iradokizun guztiak kontuan izango ditu udalak Zumaiako Mugikortasun Plan berria garatzeko garaian. Ardantzabideko txartelak 2016ko azaroan Ardantzabide 07 Hirigintza Areako Plan Berezia onartu zuten, eta bertako auzokideek dagoeneko udaletxean eska ditzakete egoiliarren txartelak, udalak jakitera eman duenez. Horretarako, ezinbestekoa izango da ibilgailua Zumaian erroldatuta egoteaz gain, norberaren etxebizitzan erroldatuta egotea, besteak beste. Uda sasoian Zumaian aparkatu ahal izateko eta herritarrek izango dituzten onurez baliatu ahal izateko ezinbestekoa izango da, lehen aipatu bezala, ibilgailua Zumaian eta norberaren etxebizitzan erroldatuta izatea. Baldintza hori beteko ez balitz eta autoa beste etxebizitza batean erroldatuta balego, ibilgailuaren helbidea aldatu eta eguneratu beharko litzateke. Horretarako, Trafikora deitu eta hitzordua hartu behar da (943-45 20 00).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide