"Itzurunen kendutako gauzak berriro bere lekuan jartzeko konpromisoa erakutsi du ekoiztetxeak"

Baleike.Eus 2016ko urriaren 14a

Pasa den astean Santelmopera bidean zegoen petrila eraisteak giroak nahastu ditu herrian eta aurretik 'Game of Thrones' telesailaren inguruan zalantzak bazeuden, gertaera hark areagotu besterik ez zituen egin. Horren aurrean, Udalak deituta, bilera ireki bat egin zuten atzo arratsaldean Alondegian.

Tronos 2016 enpresako Peter Welter atzoko bileran hizketan. (Baleike.eus) Bilera horretan izan ziren Madrilgo Ministerioko Kosta Zuzendaritzako Gipuzkoako ordezkari Andres Molina, Jon Zulaika, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumeneko teknikaria, Oier Korta alkatea eta HBO ekoiztetxe estatubatuarrarekin lotura lanak egiten dituen Tronos 2016 enpresako kideak, haren buru Peter Welter buru zutela. Zumaiak aurretik beste ikus-entzunezko batzuk jaso baditu ere, Kortak onartu zuen telesail horrek adinako ikusminik ez dutela besteek eragin. "Produkzio honen tamainak egonezina eta zorabioa sortu du, ez herritarren artean bakarrik, baita udaletxean ere", onartu zuen alkateak. "Jendeak jakin nahi du zer egingo den eta noiz". "Tronos 2016 enpresak ezin du informazio askorik eman eta hori izan da izan den informazio faltaren arrazoia", gehitu zuen. "Game of Thrones errodatu den beste herrietan ez da honelako bilerarik egin, ezta hitzarmen publiko egin ere. Enpresa berak ere ez dio sona handiegirik eman nahi izan, ikusmen gehiegirik ez sortzeko". Ekainaren lehen egunetan izandako lehen harremanetik orainartera bitarteko laburpena egin zuen Kortak. "Udan zituzten beharren eta Itzurunen egin nahi ziren lanen berri eman ziguten". Lan horien artean hondartzaren goialdean dauden hiru aulki kentzea, ezkerraldean dagoen horman argi koadroa kentzea eta seinaleak kentzea zeuden. "Petrila kentzea ere eskaeren artean zegoen. Kosta Zuzendaritzan planteatu zen eta esan ziguna izan zen horma hori flyscharen gainean zegoela eta kentzea aurreikusten zela. Game of Thronesek, berriz, gauzak berriro bere tokian jartzeko konpromisoa erakutsi zuen. Baita hobetzeko ere". Konpromiso horren baitan ez da agertzen petrila berriro egitea. Grabazioa 24tik 29ra Zazpigarren denboraldi horretarako eszenen grabazioa urriaren 24tik 29ra bitartean egingo dela ere jakinarazi zuen, goizeko 6:00etatik 22:00etara bitartean. "Egun horietan hondartza itxita egongo da eta labarretarako sarrera mugatuta egongo da". Hondartza lehenagotik itxiko denaren zurrumurruak zabaldu dira azken asteotan. Zurrumurru horiei kasurik ez egiteko eskatu du. Irakurri albiste osoa baleike.eus webgunean. Jon Zulaika: "Petrila tramankulu bat zen eta kentzea Biotopoaren antolamendu planean sartzen zen"

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide