Zumaiako Udala: "Harri horiek gizakiak egindakoak dira eta gaur egun funtziorik ez dute"

Baleike.Eus 2016ko urriaren 6a

Telesailaren grabazioko ekoiztetxeak hala eskatuta, San Telmo azpira eramaten duen harriak txikitu dituzte hondeatzaile baten bidez. Lanak oraindik amaitu gabe daude. Udalak hasiera batean ez zuen hitz egiteko asmorik baina sortutako iskanbilaren ondoren, azalpenak eman ditu.

Hondea-makinak Itzurunen harriak kentzen. (Baleike.eus) Hasi dira Itzuruneko hondartzan Game of Thrones telesailerako grabaketetarako prestaketak egiten. Azken egunetan gaztelua izango denaren almenak jarri dituzte. Gaur, berriz, San Telmo azpira eramaten dituzten harriak txikitzen hasi dira, hondeatzaileen bidez. Goizean hasi dituzte birrintze lanak eta horrek harridura sortu du bertaratu diren herritarren artean. Baleike.eus-ek jakinarazi duenez, lanean ari zirenek "Foru Aldundiaren eta Espainiako ministerioko Kosta sailaren baimena dutela" adierazi dute. Baleikeren hitzetan, Zumaiako Udalak, berriz, "Costasen kontua" dela esan du, eta ez du erantzukizunik hartu. Eguerdian udalak azalpenak eman ditu. Erakundearen esanetan, gaur goizean Foru Aldundiko, Kosta Saileko eta Geoparkeko teknikari bana bertaratu da Itzurun hondartza banatzen duen harri multzoa aztertzera. Beti ere udalaren esanetan, horma hori aztertu dute pixkanaka natura aldetik garrantzirik ba al duen erabakitzeko. Haien ondorioztatu omen dute harri multzo hori ez dela naturak egindakoa, gizakiak egindakoa baizik, eta gaur egun "funtzio jakinik ez" duela. Hala ere, kendutako harriak gordeko dituztela azaldu dute, etorkizun batean, agian, berriro jartzeko. Udalak gaineratu du Kosta Sailak aurretik bazuela harri multzo hori kentzeko asmoa eta grabazioagatik aurreratu egin dutela. Horrez gain, gaia Udal Batzordean hitz egin ostean onartua zutela ere esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide