Zumaiako Puntanuetan babestutako etxeak eraikitzeko asmoa abiatu dute berriro

Juan Luis Romatet- Baleike 2016ko uztailaren 12a

Udala Visesa soziatearekin bildu da eremu horretan etxebizitzak eraikitzea oztopatzen duten lur kutsatuen arazoari irtenbidea emateko. Herritarren aldetik dagoen eskaera ezagutu nahi dute.

Gaur egungo etxebizitzen atzealdean egingo lituzkete etxebizitza berriak. (Juan Luis Romatet) Puntanuetan gaur egun eginda dauden etxebizitzen atzealdean, Txikierdira begira, babes ofizialeko beste etxebizitza batzuk egiteko asmoa erakutsi zuen Zumaiako Udalak 2010. urtearen amaieran, Iñaki Agirrezabalaga alkate zela. Puntanuetako hiru lursailengatik Eusko Jaurlaritzak Zumaia Lantzen enpresa publikoari 1,4 milioi euro ordainduko zizkiola iragarri zuen orduan. Gasteizko gobernuak 137 etxebizitza egingo zituela ere esan zen, eta horietatik 53 babes ofizialekoak izango zirela. Sustapen berri horren proiektua, baina, paperean geratu zen; zenbait arazo medio, ez ziren etxebizitza horiek eraiki. Orain, ia sei urteren ondoren, Udal Gobernu berriak etxebizitza horiek egiteko proiektuari heldu dio berriro. Zumaiako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, udala Visesa sozietate publikoarekinkin jarri da harremanetan. Egindako bileretan, Puntanuetako eremua libratzeko aurrerapausoak landu eta garatu dituela eman du jakitera udalak. "Besteak beste, eremu honetan, etxebizitzak eraikitzea oztopatzen duten lur kutsatuen arazoari irtenbidea nola eman aztertu, eta hori konpontzeko aurrerapausoak eman dira". Hauteskundeetako programan etxebizitza babestua eta alokairu soziala sustatzeko asmoa azaldu zuen EAJk eta, horren harira, bertan aipatzen ziren 53 etxebizitza berri eraikitzea paperetik errealitatera eraman nahi du. "Horretarako, eta noski, eremu honek gaur egun duen egoerari buelta emateko, udalak, ezinbestekotzat jo du herritarren artean dagoen eskaera eta beharrak zeintzuk diren lehen eskutik ezagutzea", azaldu dute. Hori dela-eta, datozen egunotan Puntanuetan egin nahi den etxebizitzen sustapenaren inguruko informazioa helaraziko diete herritarrei. "Horrela, herritarrek, proiektuaren berri izango dute eta, aldi berean, etxebizitza horietan interesa duen orok, udalarekin eta Visesarekin jarri ahal izango du harremanetan". Udalak herritarren aldetik dagoen eskaera ezagutu nahi du aurrera jarraitu aurretik. Diotenez, proiektuaren helburua "zumaiarrei etxebizitza aukera berriak eskaintzea da". Horretarako, "Puntanuetako eremu hori libratzea eta gaur egungo egoerari buelta ematea" lehenetsiko duela adierazi du Udal Gobernu taldeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide