"Gardentasunean eta elkarlanean" oinarrituta eta "pertsonak ardatz" hartuta egin du Zumaiako Udal Gobernuak lehen urtea

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 21a

Zumaiako Udal Gobernuak honako gutuna kaleratu du, agintaldiko lehen urtearen balorazioa eginez.

Zumaiako Udal Gobernuak honako gutuna kaleratu du, agintaldiko lehen urtearen balorazioa eginez: "Egungo udal egoera hobetzea, udala herritarren zerbitzura jartzea, herritarrengandik gertu egotea eta beren ongizate eta bizi kalitatea bermatzea lehenetsi ditu gobernuak lehen urte honetan. Udalak pertsonak udal jardunaren eta langileen ardatz nagusi direla berretsi du, eta era berean, gardentasun, elkarlan eta parte hartze aktiboan oinarritutako udal jardunaren aldeko apustua egiten duela adierazi du, etorkizunera begira guztien beharretara egokitutako Zumaia eraikitzeko. 2015eko ekainaren 13an, Zumaiako udaletxearen alkatetzan herritarrek bozkatutako aldaketaren ondoren, Udal Gobernu taldeak, lehen urte honetan modu eraginkorrenean erantzun nahi izan dio herriak azaldutako aldaketa nahiari, baita konfiantza beraiengan jarri duen herritar orori ere. Horiek horrela, Udalera sartu orduko, gobernu taldearen lehentasuna izan da Udaletxeko egungo egoera berraztertzea, berritzea eta konpontzea. Horretarako, gobernuak, arreta berezia jarri du, bereziki, udal kontratu edo aseguruen berritzean edo luzapenean; izan ere, horietako asko iraungita edo geldirik baitzeuden duela zenbait urtetik. Hori dela eta, dokumentu horien eguneraketa eta herritarren berehalako beharrei erantzuna ematea izan dira gobernuaren lehen urte honetako lehentasun eta lan ildo nagusiak. Horren harira, Udal Gobernuak brigadaren eginkizunak eta betebeharrak ere eguneratu eta zehaztu ditu, beren eskumenak hiri mantenura, azpiegituren kontserbaziora eta herriko festa edo ekitaldietan herriari zein herritarrei zerbitzua eskaintzera bideratuz, besteak beste. Ildo beretik, ekonomia eta enplegu sustapenari gogor heldu dio Udal Gobernuak. Izan ere, gai horrek, herriaren zein herritarren ongizatean zuzenean eragiten duela azaldu du Udalak. Beraz, pertsonak izanik udal jardunaren ardatz nagusia, ezinbestekotzat jo dute garapen ekonomikoa eta enplegu sustapena lehenestea. Horretarako, gobernuak hainbat neurri hartu ditu. Alde batetik, herriko enpresa txikiekin eta ertainekin bildu da beren egoera, kezkak eta ardurak gertutik ezagutzeko. Horiek horrela, haien beharrei erantzuna emateko xedez, eta industria ekonomiaren eta enplegu sustapenaren motor gisa indartzeko, etorkizuneko hirigintza lanetan tokiko industria eta herriko industria eragileak lehenesteko konpromisoa hartu du gobernuak; betiere, publikoaren eta pribatuaren arteko oreka mantenduz, noski. Bestalde, egungo gobernuak Zumaian lanpostu aukera berriak sortzeko eta enpleguari bultzada emateko, Udalean lehen aldiz diru partida garrantzitsua adostu eta txertatu du 2016ko aurrekontuetan. Udalak, Mankomunikatearen esku utziko du diru partida horren kudeaketa, erakunde horrek udal gobernuak emandako irizpideen baitan, dirua zumaiarren artean lan aukera berriak sortzera bidera dezan. Era berean, Zumaiak duen kokaleku aparta aintzat hartuta, udal gobernuak tokiko kalitatezko turismoarekiko apustua berretsi du, etorkizunera begira, turismoa dibertsifikazio ekonomikorako aukera bihurtzeko. Pertsonak lan ardatz nagusi izanik, gobernu taldeak helburu du herri atsegina, irisgarria, eta, bereziki, herritarren beharrei egokitua eraikitzea. Horretarako, Udalak hainbat ekintza egin ditu, horien artean azpimarragarriena izanik herritarren segurtasun eta bide sergurtasun arloetan egindakoak. Esate baterako, gobernuak Zumaian, eta bereziki, eskola bideetan dauden mugikortasun arazoak identifikatzeko azterketa bat egin du, eta, segurtasun ildotik, beharrezkoa izan denean, udaltzaingo zerbitzua ere areagotu du. Horren harira, segurtasunarekun, eta, batez ere, gizarte ongizate arloarekin lotuta, berdintasunarekiko apustuan herriko puntu beltzen inguruko azterketa bat egin du Udalak, herritarrengan, eta, bereziki, emakumeengan segurtasun gabezia sentsazioa sortzen dituzten puntuak identifikatzeko eta horiei behin betiko irtenbidea emateko. Eta genero berdintasunaren aldeko urratsen artean, ezin ahaztu, azken urteen ondoren, emakume bat hasi dela Udaltzaingoan lanean. Dena den, gobernuak azpimarratu du, oraindik lan asko dagoela egiteke eta herritarren beharrei erantzuteko eta zumaiarren beharrei egokitutako herri bat eraikitzeko. Horren aurrean, Udalak esan du gogor lan egiten jarraituko duela. Hori dela eta, gaur egun, jada eman dira helburu hori lortzeko hainbat urrats. Hirigintza arloan, adibidez, kai muturra berreraiki da; Beheko Plazan egokitzapen lanak egin dira; Nagusien Etxea eraberritu da eta Aitzuriko frontoia eraiki eta ingurua urbanizatu da... Aisialdiari begira, Udalak kirolarekiko apustu sendoa egin du, nortasun elementu eta zumaiarren arteko elkarbizitza sustatzeko aukera gisa. Horiek horrela, arlo horretan, frontoiaren eraikitze lanez gain, Bizikleta Egunaren sorrera eta antolaketa edo herriko kirol elkarteekin elkarlanean gauzatutako ekintzak dira azpimarragarrienak; Pilota Elkartearekin edo Zumaiako Futbol Taldearekin egindakoak, hain zuzen. Modu horretan, herriko eragileen eta udalaren arteko elkarlan bideak sustatzea, herritarren artean ohitura osasuntsuak bultzatzea eta kirol eskaintza herritarrei hurbiltzea lortu nahi da. Azkenik, Udal Gobernuak ekintza horiek guztiak aurrera eramateko, elkarlan akordio eta adostasun bideei heldu nahi izan die, eta, horren harira, herritarrekin, herriko eragileekin, eta nola ez, udal teknikariekin izandako hartu-eman aberasgarria eta interesgarria azpimarratu nahi ditu. Urte honetan zehar egindako lana aurrera eramateko, guztion arteko elkarlana eta esfortzua ezinbestekoak izan direla azpimarratu du gobernu taldeak. Horren harira, bereziki, 2015-2025 Plan Estrategikoaren garapena aipatu du gobernu taldeak. Plan hori herritarrekin, herriko eragileekin eta udal teknikariekin elkarlanean garatu eta martxan jarri da, eta horri esker, Udalak lehen eskutik ezagutu ahal izan ditu herriaren eta herritarren beharrak. Hori dela eta, etorkizuneko Zumaia eraikitzeko helburuarekin, Plan Estrategikoak, hauteskundeetako programan jasotako ekintzekin batera, agintaldian zehar gobernuak aurrera eramango dituen ekintzak eta ekimenak lehenetsiko dituela adierazi dute Udaleko kideek. Ildo horretatik, gobernuak aurrerantzean, adostasun eta elkarlan ereduari eutsiko diola adierazi du akordioa, partehartzea eta, bereziki, errespetua direlako gobernu taldearentzat herriaren garapenerako giltzarri eta balio nagusiak. Azken batean, gobernu taldeak helburu du duela urtebete ilusioz eta gogoz beterik hartutako konpromisoa betetzea. Horiek horrela, herritarrengan onurak ekarriko dituzten ekimenak aurrera eramateko, zumaiarrei zerbitzurik hoberenak eskaintzeko eta, batez ere, etorkizunera begira beren beharretara egokitutako Zumaia eraikitzeko, Udaletik gogor lan egiten jarraituko dutela adierazi dute. Finean, udalaren ardura delako herritarren zerbitzura egotea, herriarentzat eta herritarrentzat lan egitea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide