Eneko Ibarguren: "Epaiketa izango dugula esan digu epailearen idazkariak"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko mai. 10a, 11:53

Eneko Ibarguren azpeitiarrak eta Nagore Garcia zumaiarrak gaur, asteartea, deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta. Atzo deklaratu zuen Ainhoa Baglietto zarauztar abokatuak.

Espainiako Auzitegi Nazionalean izan dira deklaratzen joan den apirilaren 22an Eloy Velasco epaileak “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta auzipetutako 47 lagunak, tartean, Ainhoa Baglietto zarauztarra, Eneko Ibarguren azpeitiarra eta Nagore Garcia zumaiarra. Bagliettok atzo, astelehena, deklaratu zuen; Ibargurenek eta Garciak, aldiz, gaur. Urola Kostako Hitzak Ibargurenekin hitz egin du Madriletik Azpeitira bidean zela. Atzo joan ziren Madrilera, eta azpeitiarra 10:00etan igaro da epailearen idazkariaren aurretik. Ibargurenek esan duenez, Donostiatik bideokonferentziaz deklaratzea eskatu zuten Auzitegi Nazionalera joan beharrean, baina ez zieten eskaera onartu. "Hara joan, epailea falta zen eta bere idazkariaren aurretik pasatu gara", jakinarazi du. Ibarguren azaldu duenez, bi galderari erantzun diote idazkariaren aurrean: "Batetik galdetu digu sumarioa irakurri al dugun, eta baietz erantzun diogu. Gero esan digu ados al gauden sumarioarekin, eta ez gaudela ados jakinarazi diogu. Uko egin diogu gainerako galderei erantzuteari. Dena den, epaiketa izango dugula esan digu epailearen idazkariak". Ibargurenek egunotan herritarrek emandako babesa "ikaragarria" izan dela adierazi du, eta "bihotzez" eskertu ditu jasotako elkartasun mezuak. Epailearen arabera, “espetxe fronte” horretako kideak dira 11/2013 sumarioan auzipetuak, eta horiek “ondo zekiten ETArekiko egiturazko dependentzia” zutela. Haien jarduerak “ETAren helburuei” erantzuten ziela ere esan du epaileak. Herrirari dagokionez, Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Askatasunak utzitako “antolaketa hutsunea” bete zuela dio Velasco epaileak. 11/2013 sumarioa da auzipetu hauei irekitakoa, eta aparteko atal modura sartu du abokatuen eta Herriraren diru kontuekin lotutako auzi ekonomikoa. Zergak ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirakoei. Ibarguren eta Garcia Herriraren aurkako polizia operazioan atxilotu zituzten, 2013ko irailaren 30ean. Epaileak urriaren 3an utzi zituzten biak aske; Garciak 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen aske ateratzeko. Atxilotu zituztenean herritarren babesa zabala jaso zuten biek ala biek. Ondoren, 2015eko urtarrilaren 14an, deitu zituzten Ibarguren eta Garcia deklaratzera, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera, eta gainerako kide guztien gisan, uko egin zioten deklaratzeari “egindako galderak ez zeudelako akusazioarekin lotuta”. Ainhoa Baglietto abokatua, berriz, 2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten beste 15 lagunekin batera, Mate deitu zuten operazioaren baitan. ETA babestea eta dirua zuritzea leporatuta atxilotu zituzten guztiak. Espetxeetako frontea osatzea, presoak adoktrinatzea eta 2012. eta 2013. urteen artean Ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea ere egotzi zieten. Egun haietan hainbat protesta egin zituzten Zarautzen, atxiloketak salatzeko. Baglietto atxilotu eta bi egunera, urtarrilaren 14an, utzi zuten aske, bermerik gabe. Abokatuak, Etxerateko kideak, Jaiki Hadi taldekoak eta Herrirakoak dira auzipetutako 47 lagunak. Honako hauek dira auzipetuak: Bitartekari taldekoak: Jose Luis Campo, Asier Aranguren, Aitziber Sagarminaga, Egoitz Lopez de Lacalle, Aintzane Orkolaga eta Jose Miguel Almandoz. Abokatuak: Arantza Zulueta, Jon Enparantza (zuzendari graduan), Alfonso Zenon, Kepa Manzisidor, Eukene Jauregi, Ane Ituiño, Aiert Larrarte, Ainhoa Baglietto, Arantza Aparicio, Onintza Ostolaza, Haizea Ziluaga, Amaia Izko, Jaione Karrera eta Atxarte Salvador. Herrira-rekin lotutakoak: Fran Balda, Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Roberto Noval, Ibon Meñika, Jose Antonio Fernandez, Oskar Sanchez, Gorka Gonzalez, Jon Garay, Sergio Labaien, Jose Manuel Ugartemendia, Eneko Villegas, Nagore Garcia, Jesus Mari Aldunberri, Beñat Zarrabeitia, Ane Zelaia, Imanol Karrera, Jon Mindegiaga, Jabier Carballido, Nagore San Martin eta Emilie Martin. Jaiki Hadiko kideak: Fernando Arburua eta Oihana Barrios. Etxerat elkartekoak: Izaskun Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriaga.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide