[caption id="attachment_296315" align="aligncenter" width="300"]

Eneko Ibarguren 'Kurku'ren atxiloketa salatzeko egin zen elkarretaratzea Azpeitian. (Uztarria.eus)[/caption]
Espainiako Auzitegi Nazionalako Eloy Velasco epaileak Eneko Ibarguren
Kurku azpeitiarra, Nagore Garcia zumaiarra eta Ainhoa Baglietto zarauztarra auzipetu ditu, beste 44 lagunekin batera, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta. Auzipetutako beste bati, Naia Zurriaraini, berriz, "erakunde terroristari laguntzea" egotzi diote. Epailea maiatzaren 10ean hasiko da auzipetutako kideei deklarazioa hartzen.
Epailearen arabera, "espetxe fronte" horretako kideek "ondo zekiten ETArekiko egiturazko dependentzia" zutela, eta haien jarduerak "ETAren helburuei" erantzuten ziela esan du. Herrirari dagokionez, Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Askatasunak utzitako "antolaketa hutsunea" bete zuela dio Velasco epaileak. 11/2013 sumarioa da auzipetu hauei irekitakoa, eta aparteko atal modura sartu du abokatuen eta Herriraren diru kontuekin lotutako auzi ekonomikoa. Zergak ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirakoei.
Ibarguren eta Garcia Herriraren aurkako polizia operazioan
atxilotu zituzten, 2013ko irailaren 30ean. Epaileak
urriaren 3an utzi zituzten biak aske; Garciak 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen
aske ateratzeko. Atxilotu zituztenean herritarren babesa zabala jaso zuten biek ala biek. Ondoren, 2015eko urtarrilaren 14an, deitu zituzten Ibarguren eta Garcia deklaratzera, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera, eta gainerako kide guztien gisan, uko egin zioten deklaratzeari "egindako galderak ez zeudelako akusazioarekin lotuta".
Ainhoa Baglietto abokatua, berriz, 2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten beste 15 lagunekin batera,
Mate deitu zuten operazioaren baitan. ETA babestea eta dirua zuritzea leporatuta atxilotu zituzten guztiak. Espetxeetako frontea osatzea, presoak adoktrinatzea eta 2012. eta 2013. urteen artean Ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea ere egotzi zieten. Egun haietan
hainbat protesta egin zituzten Zarautzen, atxiloketak salatzeko. Baglietto atxilotu eta bi egunera, urtarrilaren 14an,
utzi zuten aske, bermerik gabe.
Honako hauek dira auzipetuak:
Bitartekari taldekoak: Jose Luis Campo, Asier Aranguren, Aitziber Sagarminaga, Egoitz Lopez de Lacalle, Aintzane Orkolaga eta Jose Miguel Almandoz.
Abokatuak: Arantza Zulueta, Jon Enparantza (zuzendari graduan), Alfonso Zenon, Kepa Manzisidor, Eukene Jauregi, Ane Ituiño, Aiert Larrarte, Ainhoa Baglietto, Arantza Aparicio, Onintza Ostolaza, Haizea Ziluaga, Amaia Izko, Jaione Karrera eta Atxarte Salvador.
Herrira-rekin lotutakoak: Fran Balda, Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Roberto Noval, Ibon Meñika, Jose Antonio Fernandez, Oskar Sanchez, Gorka Gonzalez, Jon Garay, Sergio Labaien, Jose Manuel Ugartemendia, Eneko Villegas, Nagore Garcia, Jesus Mari Aldunberri, Beñat Zarrabeitia, Ane Zelaia, Imanol Karrera, Jon Mindegiaga, Jabier Carballido, Nagore San Martin eta Emilie Martin.
Jaiki Hadiko kideak: Fernando Arburua eta Oihana Barrios.
Etxerat elkartekoak: Izaskun Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriaga.