'Zakel Zaltuk' saioko kideak, saioa grabatzen, Kontrako Eztarrixe Azkoitiko Matadeiko irrati librean. (Julene Frantzesena)
Norbanako nahiz kolektibo orok iritziak eta kritikak adierazteko duten beharra eta eskubidea bermatzeko sortu ziren irrati libreak zein komunitarioak Euskal Herrian, 1980ko hamarkadan. Irrati libreen mugimendua hasi, eta, orduz geroztik, asko izan dira abian jarri dituztenak zein denborarekin uhinetan mezuak zabaltzeari utzi diotenak. Gaur egun, hogeitik gora irrati libre dira martxan Euskal Herri osoan.
Irrati libreak herri ekimenez sortutako proiektuak dira. Espainiako Estatuan, irrati horien sorreraren loraldian, 1983an, hain zuzen, Villaverdeko manifestua idatzi zuten, eta han jaso zituzten irrati libreen ezaugarriak. Dokumentu haren arabera, besteak beste, publizitaterik gabeak, laguntza publikorik jasotzen ez dutenak, irratiko kideek kudeatutakoak, autonomoak eta parte hartzaileak izan behar zuten irrati libreek.
Zumaian, duela bi urte inguru hasi ziren irrati librea sortzeko ideiari bueltaka. Manex Elola (Zumaia, 1988) da hango irrati librearen proiektuaren sustatzaileetako bat. Dioenez, bi urteotan "lan zikinak” egiten aritu dira: "Jendeak esaten du ‘nik irratsaio bat egin nahi dut!’, baina aurretik lan ugari egin behar da, eta horretan aritu gara. Aurreko agintaldian, Zumaiako Udalak esan zigun lokala uzteko elkarte izaera eduki behar genuela, eta paper horiek egiten denbora mordoa igaro dugu, arazo ugari izan ditugu eta. Adibidez, leku izena duelako ezin izan genion Zumaiako Herri Irratia izena jarri, eta, denera, uste dut bost aldiz-edo sinatu ditugula elkartea sortzeko paperak”.
Herrian bertako irratia falta zelako abiatu zuten proiektua sei bat zumaiarrek. Elolak dioenez, "uste baino jende gehiagoren babesa” jaso dute.
"Baleike aldizkariarekin eta haren webgunearekin eguneroko informazioa ondo hornituta dago Zumaian, baina beste ekarpen bat egin nahi dugu”. Haren arabera, herriko gaiak landuko dituzte: “Esan ohi den moduan, irratiaren proiektua herritik eta herriarentzat egina izango da".
Dena den, Elolak dio udalari eskatu dioten lokalak “baldintzatzen” duela proiektua: "Alderdi juridikoari, paper kontuei, eta alderdi teknikoarekin hasita gaude lanean, baina baldintza ikaragarria da lokalarena”.
Joan den ostegunean jendaurrean aurkeztu zuten eskuartean darabilten proiektua, eta "herritar dezente” izan zela azaldu dute proiektuaren sustatzaileek. Zumaiarrek argi dute sortuko duten irratia Arrosa Sareko partaide izango dela: “Babes ikaragarria da Arrosa Irratien Sarean sartzea. Gainera, Zumaian 24 orduko programazioa egitea ezinezkoa da, eta Arrosa Sareak aukera ematen du beste irratien saioak hartzeko. Beraz, 24 orduz musika eduki beharrean, beste irratietako saioekin beteko ditugu ordu batzuk, eta hori aldea da”.
Udalarekin egindako bileraren arabera ikusiko dute irratia noiz jarri martxan. "Esaten badigute lokala uzten digutela, badugu zer egina: antena, intsonorizazioa… Diru pixka bat badugu bigarren eskuko azoketan lortuta, eta aurten ere egingo dugu. Gainera, irratiaren izena eta logoa aukeratzeko lehiaketak egingo ditugu, eta horiek nola egin erabaki ez badugu ere, ea datorren ekaineko sanpedroetarako antolatzen ditugun".
Hamar urte lanean
Euskal Herriko beste hainbat irratiren moduan, 1983an egin zituen lehen urratsak Zarauzko Arraio Irratiak. Marimin Aizpuruak (Zarautz, 1963) dioenez, urte haiek frankismoaren ostekoak izanik, "estatuaren menpe” zeuden irratiak: "Estatuaren araberakoa zen zabaltzen zen informazio publikoa eta pribatua. Jendeak ez zuen gertatzen ziren gauza askoren berri izaten, eta pertsona eta kolektibo ororen eskubideak bermatzeko hasi ziren irrati libreak sortzen”. Gainera, Aizpuruak azaldu duenez, irratia sortzea "teknikoki nahiko erraza” zelako jazo zen irrati libreen fenomenoa. "Bigarren eskuko gauzekin-eta has zaitezke emititzen. 1980ko hamarkadan diru askorik ez zegoen, baina erraza zen irratia sortzea, tresnak ez zirelako garestiak”. Gainera, herritar batek bere etxea utzi zien Arraiokoei, irratia muntatzeko. Eta hantxe egin ziren emankizunak. Orduan hamabi irratsaio-edo egiten zituztela dio Aizpuruak: "Egunean hiru bat irratsaio egiten genituen, eta aukera handia zegoen”.
Irakurri erreportaje osoa,
Gipuzkoako Hitzaren webgunean.