Axier Lopez Argia-ko kazetaria eta Zumaiako bizilaguna zigortu du Espainiako Gobernuak, «baimenik gabe» polizia operazio baten irudiak Twitterren argitaratzeagatik. Mozal Legea aplikatuta zigortu dute, eta 601 euroko isuna ezarri diote kazetariari. Argiak jakinarazi duenez, «lege hori aplikatuta, Euskal Herriko kazetari bati jartzen dioten lehen zigorra da».
Naroa Ariznabarreta Eibarren atxilotu zuten uneko argazkia sareratzeagatik zigortu dute Lopez. Martxoaren 3an eskegi zuen irudia Twitterreko kontuan, atxiloketaren unean bertan. Herritarren segurtasunerako 4/2015 Lege Organikoa erabili du Espainiako Gobernuaren ordezkariak zigorra aplikatzeko.
Salaketaren arabera, «Eibarren aurrera eramandako polizia operazioaren irudiak sareratu zituen salatuak, @axierL-k, bere Twitter kontuan, inongo baimenik gabe. Irudi horiei esker, operazioan parte hartu zuten agenteak identifika daitezke, funtzionario horientzat identifikazio publikoak ekar dezaken arriskuarekin».
Informatzeagatik Argia zigortu dutela azaldu zuen euskal hedabideak bere webgunean (Argia.eus).