Herriko eremu publikoetan ezarritako kartel eta pankarta oro kentzeko erabakia hartu du Zumaiako Udalak

Baleike.Eus 2016ko otsailaren 22a

Zumaiako Udalak jakinarazi duenez, herriko eremu publikoetan jartzen diren kartel eta pankarta guztiak kentzeko erabakia hartu du, "edozein delarik horien eduki, mezu, jatorri edota helburua". "Herria garbi eta txukun mantentzeko, ingurumena zaintzeko eta guztiona dena errespetatzeko xedearekin" hartu du Udalak neurri berria. Izan ere, orain arte, ostegunetik astelehenera bitartean kartel eta pankartak ezartzea onartzen bazen ere, astegunetan (astelehenetik eta ostegunera bitartean) horiek kendu egiten ziren herriari "itxura garbiagoa eta txukunagoa" emateko. Aurrerantzean, aste guztian zehar irizpide berdina jarraitzeko erabakia hartu du Udalak, eta ordenantza bat idatziko dute kartel eta pankartak jartzeko nondik norakoak, publizitate panelen kokapena, pintadak egitearen aurkako neurriak… jasotzeko. Era berean, udal gobernuak "adierazpen askatasunaren alde egiten duen apustua" berretsi du, "Zumaian horretarako ezarrita dauden guneak errespetatzen badira". Gainera, gogorarazi dute "ezarrita eta herritarren eskura daudela panel urdinak mezuak bertan jarri ahal izateko". Udalak herria txukun eta garbi mantentzeko konpromisoa hartu duelako eta erabakiari jarraituz, "bertan behera utzi du udal publizitatea jartzeko erabili ohi zituzten panelen erabilpena". Zumaiako Udalak azpimarratu duenez, bere ardura da "guztiona dena errespetaraztea herritarren eta ingurumenaren mesederako": "Horretarako, zumaiar guztien inplikazioa ezinbestekoa da. Beraz, eraikin eta eremu publikoak errespetatzeko eta zaintzeko herritarren parte hartzea eta laguntza eskatzen ditugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide