Iñaki Arrizabalaga: "Pilotalekua eraikitzeko kontratua sinatzeko prest dago Sukia"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urriaren 23a

Zumaiarrek urteak daramatzate frontoia eskatuz (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Zumaiako frontoia eta Ardantzabideko etxebizitzak eraikitzeko ardura Sukia enpresari adjudikatu zion Zumaiako Udalak 2013ko urtarrilean. Enpresak 3, 5 milioi euroko aurrekontua izango du frontoi estalia eraikitzeko, eta, ordainetan, Ardantzabideko bi lur sail emango dizkio udalak. Aurre hitzarmenean etxegileak pilotalekua eraikitzeko jarri zuen baldintza 26 etxebizitza saltzea izan zen. Zumaiako alkate Iñaki Arrizabalagak jakinarazi duenez, Ardantzabideko 25 etxebizitza saldu dira, eta «Sukia pilotalekua eraikitzeko kontratoa sinatzeko prest dago». Pilotalekua eraikitzeko 18 hilabeteko epea izango du Sukia etxe sustatzaileak. Zumaiako Udalaren eta etxe sustatzailearen arteko hitzarmenak pilotalekuaren eraikina hartzen du bere baitan, «oskola, alegia». Frontoiaren inguruko urbanizazio lanak eta pilotalekuko ekipamendua, berriz, udalaren ardura izango dira. Pilotalekua eraikitzeko proiektua bide onetik doala kontuan hartuta, urbanizazio proiektu urtea amaitu baino lehen adjudikatu nahi du Zumaiako Udal Gobernuak. Lanak egiteko aurreikusitako kopurua 1,5 milioi eurokoa da, eta Zumaiako Udala horri aurre egiteko finantziazio lortzeko negoziatzen ari da. Eraikina eta urbanizazio lanak aldi berean egin daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide