Zumaiako Udaleko Berdintasun eta Gazteria Sailetik antolatu duten sexologia eta berdintasun zerbitzuko aholkularietako bat izango da Olatz Belastegi (1975, Iruña). Aurrerantzean, herritarren galderak argitzen saiatuko da.
Zein da sexologia eta berdintasun zerbitzuaren helburua?
Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak herriko ikastetxeetan sexologia eta berdintasuna lantzeko proiektu bat abiatu du, gizon eta emakumeak desberdinak garenetik abiatuta elkar ezagutzea eta elkar bizitza sustatzeko eta tratu txarren prebentzioa lantzeko.
Adin tarte jakin bati al dago zuzendua zerbitzua?
Herritar orori dago zuzendua. Herritarrak bakarka edo bikoteka etor daitezke gugana. Ikastetxeetan lantzen ari diren programa hori herritar guztiei zabaldu nahi diegu, eta zumaiarrek izan ditzaketen kezkak argitu.
Zer motatako galderak edo zalantzak argituko dituzue?
Harreman sexualetan sor daitezkeen arazoak edo galderak; baita bikote harremanetan elkar bizitzan, elkar ulertzean eta komunikazio arloan sortzen diren tira-birak ere. Horretaz gain, norberaren identidadearen inguruan sortzen diren zalantzak argitzen ere saiatuko gara.
Sexologia zerbitzura jotzen duten herritarrek konfidentzialtasun osoa izango dute, ezta?
Bai, noski. Presentziala izan daiteke, baina herritarrek euren zalantzak korreo elektronikoz ere galdetu ditzazkete.
Sexualitatearen inguruan tabuak izaten al dituzte herritarrek?
Sexualitatearen inguruan bi puntu uztartzen dira. Alde batetik, herritarrek sexualitatea norberaren intimitatearekin lotzen dute eta horregatik gaiaz hitz egitea gehiago kostatzen da. Bestetik, sexualitatea oraindik genitalekin egiten dugun praktikekin erlazionatzen da. Ildo horretan oso gutxi aurreratu dugu. Guk sexualitatearen ikuspegi zabalagoa helarazi nahi diegu herritarrei; pertsona guztiak sexutuak garela eta hori nola eraikitzen eta jartzen dugun harremanetan alegia.
Sexualitatea naturaltasunez ulertu behar al da?
Nik uste dut ulertu behar dugula harreman sexualak pertsonaren parte direla. Pertsonok gorputz bat dugu ezaugarri batzuekin, heltzen goazen heinean neska eta mutil egiten joaten gara eta gure artean interakzioak eta harremanak izaten ditugu; garrantzitsua da norberak ondo ezagutzea bere burua eta harremanetan elkar ulertzea.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide