Zumaian Sexologia eta Berdintasun Aholkularitza Zerbitzua abiatu dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urtarrilaren 31

Zumaiako Udaleko Berdintasun eta Gazteria Sailak jarri du martxan Sexologia eta Berdintasun Aholkularitza Zerbitzua, herritarrek gai horren inguruan izan ditzaketen kezka eta zalantzak argitzeko. Udalak jakinarazi duenez, «gertutasuna, leialtasuna eta zorroztasuna» izango ditu oinarri zerbitzuak, eta zumaiar guztiek balia dezakete zerbitzua. Gizon, emakume, gazte, heldu eta nagusiei irekita izango da aholularitza zerbitzu berria, «denak ongi etorriak» izango dira bertara. Hilean bi egunetan izango dira Olatz Belastegi eta Ana Elosegi aholkulariak Beheko plazako Gizarte Zentroko 2. solairuko bulegoan. Olatz Belastegi sexologia aholkulariak azaldu ditu nondik norakoak: «Ezjakintasuna eta beldur asko dago sexualitateaz hitz egiten denean. Norberaren intimitatean gertatzen dira zenbait arazok oso konponbide erraza dute, baina askotan ezjakintasunak, beldurrak eta lotsak ez digu laguntzen eta arazo txiki bat handi bihurtu daiteke». Horren aurrean, dio: «Horiek argituko ditugu guk». Sexologia eta Berdintasun Aholkularitza Zerbitzua hilabeteko hirugarren ostegunean eskainiko da 10:30etik 13:30era. Gainera, hilero, ostiral arratsalde batean ere aholkularitza eskainiko dute arratsaldez, 18:30etik 20:00etara. Horrez gain, sexologiazerbitzua@zumaiakoudala.net helbidean zalantzak galdetzeko aukera izango dute herritarrek; baita aditu batekin hitzordua jartzeko aukera ere aurrez aurreko arreta izan nahi badute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide