Mugi zerbitzua kudeatzeko lehiaketa antolatuko du Zumaiako Udalak

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 9a

Mugi zerbitzuko bizikletak Zumaiako geltokian (Onintza Lete Arrieta/Urola Kostako Hitza) Zumaiako Udalak Mugi zerbitzua etetea erabaki zuen 2012. urte amaierarako. Ildo horretatik bizikletak maileguan hartzeko zerbitzua kudeatuko duen enpresa berria aukeratzeko, lehiaketara deituko du 2013ko lehenbiziko hiruhilekoan, baldintza berriekin. Zerbitzuaren kostua arintzea da horren helburua. Orain arte 40.000 euro kostatzen zitzaion udalari Mugi zerbitzua mantentzea, eta gehienez 3.000 euroko irabaziak zituen. Ingurumen zinegotzi Aitor Leitzak adierazi du zerbitzua «interesgarria» dela, ez ordea «lehentasunezkoa», eta «are gutxiago» krisi garaian. Udalak jakinarazi duenez, lehiaketara inor aurkeztuko ez balitz, bertan behera geratuko litzateke Mugi zerbitzua. Ondorioz, azpiegitura bera ere desmuntatu egingo lukete. Gorabehera ugari 2009ko udan jarri zuen Zumaiako Udalak Mugi zerbitzua abian. Ingurumena errespetatuko zuen garraiobide garbi eta praktikoa herritarren eskura jartzea eta mugikortasun iraunkorra bultzatzea zen ekimenaren xede. Hasiera batean harrera ona izan zuen ekimenak; adin guztietako herritarrek egin zuten txartela. Bidegorri sarea ere osatu zuen udalak, eta horrek emaitza onak ekarri zituen. Orduan lau geltoki zituen: Amaia plazan, tren geltokian, kiroldegian eta Victoriano Arrate etorbidean. Urtebeteren buruan, zerbitzua hobetzea erabaki zuen udalak, «kalitate handiagoko bizikletekin». 2010. urteko uztailean Espainiako Gobernuaren diru-laguntza bati esker, zerbitzua zabaldu eta beste bi gune gehitu zituen; bata Narruondon eta bestea, berriz, Beheko plazan. Horrekin batera, bizikleta gehiago erosi zituen, baita trizikloak ere. «Erabilera desegokia» dela medio, hainbat arazo izan da geroztik. Zumaiako Udalak behin baino gehiagotan erretiratu behar izan ditu bizikletak, matxuratuta zeudelako. 2011erako 55 bizikleta puskatu zituzten, esaterako. Ondorioz, zerbitzuaren erabilera okerra zigotzeko ordenantza bat sortu zuen erakundeak. Besteak beste, ordutegia murriztu eta gauez zerbitzu hori ez eskaintzea adostu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide