Iaz baino 600.000 euro gutxiago izango ditu Zumaiako Udalak 2013an

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urtarrilaren 4a

12.221.560 euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2013an. Aurrekontu bateratua—Zumaia Lantzen, Musika eta Kirol Patronatua eta San Juan Egoitzarena gehituta—, berriz, 15.997.028 eurokoa izango da, iaz baino %4,75 murritzagoa.  Udalak egun duen zorpetze mailak eragin du hori: 318.000 euroko zorra du, aurrekontuaren %2,4 (Gipuzkoako udalen bataz besteko zorra %6,6 da), hain zuzen. Ondorioz, iaz baino 600.000 euro gutxiago izango ditu udalak aurten. Udalbatzak behin-behinean onartu zuen aurrekontu hori iazko abenduaren 26an egindako ezohiko plenoan, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen, eta PSEk, berriz, kontra bozkatu zuen. Proposatutako aurrekontuek ez diotela egungo egoera ekonomikoari erantzuten nabarmendu zuten jeltzaleek, eta abstentzioa «adostasunerako keinua» izan dela nabarmendu. PSEko zinegotzi Emiliano Cabañasek, berriz, aurrekontuok «ahulak» direla eta horiek ez betetzeko «arriskua» dagoela argudiatu zuen. Ongizate mailari eutsi Udalaren egoera ekonomiko txarraren eragileetako bat Zumaia Lantzenen likidezia falta «izugarria» dela jakinarazi zuten gobernuko kideek. Horrek udalaren beraren aurrekontua baldintzatzen duela eta, doikuntzak egin behar izan dituzte. Horretarako  hainbat irizpide nagusi jarraitu du Udal Gobernuak: «Bizi dugun egoera kontuan izanda eta murrizketak murrizketa, herritarren ongizate mailari eusteko asmotan egindako aurrekontuak dira». Hala, plan ekonomikoa izan dute ardatz nagusi, eta besteak beste, gastu arruntak murriztu (%4,81); Gazteria, Aniztasuna eta Berdintasun sailak indartu eta langileen soldatak izoztu dituzte. Gizarte zerbitzuetan, ordea, ez dute murrizketarik egin, ezta askotariko eragileen diru-laguntzetan ere. Alderdi politikoei dagozkien kopuruak jaitsi egin dituzte, aldiz. Inbertsioei dagokienez, lehentasunak ezarri eta oinarrizkoak soilik egitea adostu dute. Besteak beste, Artadi auzoa saneatzea (295.000 euro); sabaian erabilera publikoa duten garajeak (142.500 euro) eta Beheko Plaza (104.500 euro) egokitzea; ur hornidura eta saneamendua (90.000 euro) hobetzea eta frontoiaren obra zuzendaritza (75.000 euro), Oikiako eskola (70.000 euro), San Jose auzoa birgaitzeko proiektua (46.000 euro), Monjaxarren oinarrizko proiektua (19.500 euro) eta oholtza estalkia (10.000 euro) bideratzea aurreikusi dute. Horretarako, guztira 1.130.500 euro baliatuko dituzte. Organismo autonomoen aurrekontuari dagokionez, San Juan egoitzak 1.816.142 euro izango ditu aurten (%5,53 igo dute horri dagokion zenbatekoa), Musika Patronatuak 190.328 euro (%5,17 jaitsi dute) eta Kirol Patronatuak 1.061.530 euro (%2 jaitsi dute). Zumaia Lantzenek, berriz, 2.458.068 euroko aurrekontua izango du 2013an, baina ez du apenas operaziorik egingo egoera «zuzentzen» ez den bitartean—Zumaiako Udalari 925.000 euro zor dizkio—. Erakundearen oreka finantzieroa bilatuko du Zumaiako Udalak. Hala, Odietako etxeak saltzen eta Torreaga promozionatzen saiatuko da, baita erakundearen ondasunak saltzen eta ohiko gastuak jaisten ere. Frontoia eta Ardantzabide 2013rako aurrekontuez gain, Zumaiako frontoia eta Ardantzabideko etxebizitzak eraikitzeko ardura Sukia enpresari ematea onartu zuten ezohiko plenoan. Behin betirako eta gehiengoz hartu zuten erabakia: Bilduk eta Aralarrek alde bozkatu zuten, eta EAJ eta PSE abstenitu egin ziren.  Hurrengo pausoa kontratu administratiboa sinatzeko tramiteak hastea izango da; Zumaiako Udalak kontratua hilabete honetan sinatzea espero du. Enpresak 3, 5 milioi euroko aurrekontua izango du frontoi estalia eraikitzeko. Ardantzabideko bi lursailekin ordainduko dio udalak kopuru hori, eta 38 etxe —horietako sei babes ofizialekoak izango dira eta gainontzekoak libreak— eraikiko ditu Sukiak bertan. Hala ere, ez da frontoia eraikitzen hasiko aurrez 26 etxe saldu arte. Behin aurre salmenta eginda, 18 hilabeteko epea izango du frontoia eraikitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide