Zumaiarren erdiak baino gehiagok hitz egiten du euskaraz kalean, herritarren %52,8ek hain zuzen. Gainerako gehienek (%45,8) gaztelaniaz jarduten dute, eta apur batzuk (%1,4) beste hizkuntzatan.
Zumaiako Udalak eta Soziolinguistika Klusterrak euskararen kaleko erabilera neurtu dute, elkarlanean. Herenegun arratsaldean aurkeztu zituen datuak Belen Uranga klusterreko teknikariak. Zumaiarra izaki, herrian euskarak azken hamar urteetan izan duen bilakaera azaldu zuen, eta herriko zein aldetan egiten den gehien eta adinaren araberako erabileraz jardun zuen Urangak herritarren aurrean.
Adierazi zuenez, 2011ko udazkenean egindako neurketaren emaitzak ziren astelehenean Alondegian aurkeztutakoak. Soziolinguistika Klusterreko kideek bost urtetik behin egiten dituzte gisa horretako azterketak herriz herri, eta horiek egiteko behaketan oinarritzen dira; herritarren arteko elkarrizketak zein hizkuntzatan izaten diren jasotzen dute teknikariek. Hala, 5.063 herritarrek osatu dute lagina, eta guztira, 1.616 elkarrizketa inguru behatu dituzte.
Txostena osatu ostean zumaiar gehienek euskaraz hitz egiten dutela ondorioztatu badute ere, 2006tik erabilera horrek behera egin duela ohartu dira: 2000 eta 2006 urte artean %55,8tik %58ra egin zuen gora euskararen erabilerak, baina 2006tik 2011era %52,8ra jaitsi da.
Hala ere, Zumaian Euskal Herrian (%13,3), EAEn (%16,1) eta Gipuzkoan (%32,7) baino gehiago erabiltzen dute euskara, alde handiarekin, gainera. Eskualdeko datuekin alderatuta, ordea, Zumaian gutxiago egiten da hizkuntza horretan. Urola Kostan, orokorrean, biztanleriaren %60,4ak jarduten du euskaraz kalean. Azken bosturtekoan handi da, beraz, kostako herri horren eta eskualdearen arteko aldea.
Adinari dagokionez, Zumaian haurrak (2-14 urte bitartekoak) eta gazteak (15-24 urte bitarteakoak) dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak, lehenak %71,2 dira, eta bigarrenak %70,9 dira.
Haurrek eta gazteek gehien
Helduek (25-64 urte bitartekoek) eta adinekoek (65 urtetik gorakoek) gutxiago erabiltzen dute: helduen %42,2ak egiten du euskaraz eta adinekoen %45,3ak. «Azken hamaika urteak aztertuta, euskararen erabilerak behera egin du helduen eta adinekoen artean. Gora egin du nabarmen, ordea, gazteen artean, 2000. urteko %52,4tik 2011ko %70,9ra», zehaztu zuen Urangak. Haurren erabilera «gorabeheratsua» izan da haren hitzetan: «2000-2006 artean gora egin zuen, %72,4tik %80,2ra, eta hortik 2011ra, berriz, behera egin du, harik eta 2011n %71,2ra iritsi den arte».
Emakumezkoen eta gizonezkoen artean, ordea, ez dago bereizketarik: bi sexuek neurri berean erabiltzen dute euskara. Zonaldeen kasuan ere alde txikia dago: Amaiako plazatik parolaldera bitartean entzundako elkarrizketen %47,3a euskaraz egin zituzten 2011ko udazkenean, Basadi aldean %56a eta herrigunean, berriz, %54,1a.