Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Udaleko langile gehienek eta udal hautetsiek bat egin dute Espainiako Gobernuek eta Eusko Jaurlaritzak sektore publikoan egitekoak diren murrizketak salatzeko bihar egingo dituzten lanuzteekin. Hori dela eta, 11:00etatik aurrera itxita egongo dira udal eraikin guztiak, eta udaltzaingoak izan ezik, ez dituzte ohiko zerbitzuak eskainiko.
Udalak jakinarazi duenez, ordu horretatik aurrera hitzartuta dituzten ekintza guztiak bertan behera utziko dituzte; halaber, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek deituta 12:30ean mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta horietan parte hartuko dutela jakinarazi dute. Zentzu horretan, Zumaiako Udalak herritarrei mobilizazioetara joateko dei egin die.
Zumaiako udal langileek egingo dituzten lanuzteak arratsaldean amaituko dira; hala, Zumaiako Turismo Bulegoak arratsaldeko ohiko ordutegia izango du; 16:00etatik 19:00etara bitartean irekita egongo da.
Zumaiako ludotekak ere arratsaldean irekiko ditu ateak, eta liburutegia 18:00etatik aurrera egongo da zabalik.