Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako EAJ alderdiak Andoni Etxaniz Udal Gobernu Taldearen Laguntzaile izendatzen duen lanpostuaren aurkako erreklamazioa aurkeztu du. Montse Arana Zumaiako EAJko bozeramaileak adierazi du lanpostu hau sortzeko unean «kontrako prozedura» erabili zuela Udalak: izan ere, honen esanetan, halako lanpostu bat sortzeko lehenenengo «diruz hornitutako aurrekontu kreditua» sortu behar du Udal Gobernuak, eta jeltzaleak adierazi du baldintza hori ez dela hala gertatu. Aranak administratiboki «akats larria» dela salatu du hori.
Horrez gain, lanpostuaren titulazioaren eta funtzioen artean «kontraesanak» daudela nabarmendu du Aranak; «aholkulariak dituen funtzioak goi mailako teknikari bati dagozkio, baina parekatzen den taldea (C1) berez eskatzen zaizkion funtzioekin bat ez dator».
EAJk Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean aurkeztu du helegitea, Zumaiako udalbatzak pasa zen irailaren 29an lanpostua "behin behinean" onartu ondoren; Aranak jakinarazi du orain Zumaiako Udaleko idazkariari dagokiola lanpostu honen inguruko proposamena egitea; ondoren, batzordeetan aztertu ostean, berriro osoko bilkuran landuko dute gaia. Zentzu horretan jeltzaleek eskatzen dituzten aldaketak aurrera eramatea «erronka» dela adierazi du Aranak, Udal Gobernuak «gehiengoak ematen dion ahalmena aprobetxatuko duelako, nahiz eta legeak prozedura ez onartu». Izan ere, Aranaren ustez «garbia» da Udal Gobernuak eraman duen prozedura ez dela «legezkoa», eta, beraz, EAJk aurrera egiten jarraituko duela esan du.