Zumaiako Udalak Mugi bizikleta zerbitzu publikoaren inguruan hainbat neurri hartu ditu, azken hilabeteetan bizikleta asko matxuratu eta puskatu egin dituztelako. Horregatik, zerbitzuaren ordutegia murriztea erabaki dute, eta aurrerantzean gauero bizikletak kendu egingo dituzte; hala, 07:30eatik 22:00etara erabili ahal izango dira bizikletak. Aitor Leiza ingurumen zinegotziak jakinarazi du txikizio gehienak gauez egin direla, eta erabaki honen bidez «arazoaren zati bat» konponduko dutela uste du.
Horrez gain, zaintza ere areagotu egingo dute udaltzainek eta Rezikleta enpresak: «Erabili ezin duenen bat zerbitzua erabiltzen harrapatzen bada, neurriak hartuko dira», esan du Leizak. Izan ere, zerbitzuak erabilera «zuzena» izan zedin, orain dela hilabete batzuk hainbat neurri hartu zituztela gogoratu du zinegotziak; besteak beste, adin txikikoek zerbitzua ezin zutela erabili erabaki zuten orduan.
Neurri horiekin batera, «zerbitzuaren betebeharrak eta arauak ez betetzeak sortuko dituen ondorioak zehazteko» Udalak ordenantza bat sortzeko lanean dela jakinarazi du Leizak. Udalbatzak urria amaieran egingo duen bilkuran adostuko du ordenantza hori; oraindik zirriborroa den ordenantzak mota askotako «isunak» jasotzen dituela aurreratu du zinegotziak, eta gehienak ekonomikoak izatea planteatzen dituela adierazi du.
Herritar batzuen «jarrera txarraren» ondorioz hartu behar izan dituzte neurriak; izan ere, duela bi urte jarri zen martxan zerbitzua; 58 bizikletekin hasi ziren orduan, eta horietatik hiru besterik ez dira gelditzen erabilgarri; gehienak uda garaian puskatu dituztela adierazi du Udalak, eta horren aurrean beste inbertsio bat egin beharra izan dute, «zerbitzua mantentzeko asmoz». Hala, Udalak beste hamar bizikleta berri jarri ditu.
Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak adierazi du beste aukera bat emango diotela Mugi zerbitzuari, baina «horrela ezin dela jarraitu» argi utzi du. Honen ustez, Mugi zerbitzua «Zuamaiako Udalak azken urteetan egin duen mugikortasun iraunkorraren aldeko apostuaren adierazgarri da». Zerbitzua herritar ugarik erabiltzen duela nabarmendu du, eta «apustu sendoa» bada ere, «herritar gutxi batzuen erruz, zerbitzua kolokan» geratzen ari dela adierazi du; Reziklate enpresarekin duten lehen bi urteko kontratua uztailean amaitzen da, eta orduan erabakiko dute zerbitzuarekin jarraitzea, neurri berriek bitarte horretan duten eragina aztertuko baitute orduan.
Bestetik, alkateak esan du zerbitzuarekin lotuta beste hainbat ekimen dituela esku artean; hala nola Donostian dagoen bizikleta sistema Zumaiakoarekin lotzea, bi herrietan txartel berdinarekin erabili dezaten zerbitzua.
Agirrezabalagak azpimarratu du zerbitzua zaintzea «zumaiar guztien ardura» dela. Hori hala, erabiltzaileek «erabilera zuzena» egiteaz gain, norbait jarrera desegokian ikusten dutenean «atentzioa emateko» deia luzatu die herritarrei.