Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Gobernu Taldeak pasa zen agintaldian alkateorde eta Hirigintza zinegotzia izan zen Andoni Etxaniz izendatu du Udalaren kuadeaketan aholkulari lanetan aritzeko agintaldi honetan zehar. Zumaiako Bildu koalizioak adierazi du Etxanizen zeregina alkatetzari eta Gobernu Taldeari laguntzea izango dela.
Hala, datozen lau urteetan Etxaniz bigarren liberatua izatea adostu Udaleko Gobernu Taldeak; hasiera batean, Etxanizen liberazioa urtebetekoa izango da. Ondoren, «etorkizunerako biderik onena» zein izan daitekeen aztertuko dutela adierazi du Bilduk.
Horrez gain, koalizioak nabarmenu du liberazio bat gehiago izateak ez diola eragingo «aparteko gasturik» Zumaiako Udalari, eta 2011. urteko aurrekontuetan bi liberatu zituztela aurreikusita arrazoitu du.
Joan zen maiatzean egin ziren udal hauteskundeen ondoren, Zumaiako Udaleko Gobernu Taldeak alkatea bakarrik liberatzea erabaki zuen. Baina, 9.000 biztanle dituen herrian liberatu gehiagoren beharra ikusi dute: «Udalaren martxak eta gestioak eskatzen dituen ardurak eta lanak kontuan izanik, hasieratik garbi ikusi genuen liberatu bakarra ez zela nahikoa izango egin beharreko lan eta erronketarako», esan du Bilduk.
Udal Gobernuak jakinarazi du irailean hainbat alderdi aztertu dituztela; «Gobernu Tladeko zinegotziak liberatzeko zailtasunak, ardurak hartu dituzten zinegotziak berriak izatea Udaletxean, Udaleko lana ondo ezagutzen duen norbaiten beharra...».
Bilduk uste du liberatu berriak «ondo» ezagutzen duela Zumaiako Udala; horregatik, Etxanizek Udala «hobeto kudeatu» dezakeela uste du koalizioak: «Iruditzen zaidu aurreko legealdian, Gobernuan, oso lan ona egin zuela eta horrelaxe aitortu dutela hautesleek; halaber, esperientzia handikoa da, laguntza eta babes handia emango die zinegotzi berriei».
Bilduk nabarmendu du pasa ziren hauteskundeetara ezin zuela aurkeztu Etxanizek, «ilegalizazioaren eta Alderdien Legearen mehatxupean»: «Oso egoera berezia bizi dugu, eta ez ohiko egoera honetan, ez ohiko konponbide hau iruditu zaigu egokiena», esan du Zumaiako Bilduk.