Erein, bide oparo baten mende erdia

Iraia Oteiza

Jexuxmari Mujika, Ereinen 50 urteko ibilbidea gogoratzeko ekitaldian. (Erein argitaletxea)

1976an sortu zuten Erein argitaletxea zazpi lagunek, euskal kulturari bultzada emateko asmoz. 50 urte geroago, atzera begiratu du Jexuxmari Mujikak, zazpi haietako batek, egindako bidea eta etorkizuneko erronkak gogora ekarriz.

1976ko udazkena zen. Franco hil berria zen, Euskal Herria aldaketa politiko eta sozial betean murgilduta zegoen, eta ilusioa eta itxaropena ziren garai hartako sentimendu nagusietako bi. Alderdi politikoak sortzen ari ziren, herria bere nortasuna berreskuratzeko bidean zen, eta kulturak ere bazuen egiteko garrantzitsu bat. Testuinguru hartan, zazpi lagunek behar bat identifikatu zuten: euskal kulturak bere lekua behar zuen, eta horretarako ezinbestekoa zen euskarazko argitalpenen aldeko apustu sendoa egitea. Hala jaio zen Erein argitaletxea.

Jexuxmari Mujika (Aizarna, 1946) zen zazpi haietako bat. Berrogeita hamar urte igaro ondoren, hasierako garai haiek gogora ekartzean, argi du zerk bultzatu zituen: "Garbi genuen politika mailan nortasuna lortzea ezinezkoa zela kultura mailan nortasunik ez bazegoen". Horixe zen abiapuntua.

Horretarako, argitaletxe bat sortzea ikusi zuten biderik egokiena. Ez zuten, ordea, edozein proiektu sortu nahi. "Serio sortu nahi genuen, azpiegitura bat egiten saiatuz, eta iraupena eta etorkizuna izan zezakeen argitaletxe bat sortuz", azaldu du Mujikak. Asmoa ez zen soilik liburu batzuk argitaratzea, euskal kulturaren garapenean eragiteko tresna egonkor bat sortzea baizik.

Zazpi lagunen artean osatu zuten hasierako taldea, eta 1976ko udazkenean jarri zuten martxan Erein. Izena ere aukeratuta zuten: ereitea, etorkizunean fruituak emango zituen zerbait landatzea. Izenak berak bazuen, beraz, proiektuaren izaeraren berri.

Belaunaldi berriak

Bost hamarkadako ibilbidean, zenbait liburu eta egile funtsezkoak izan dira argitaletxearentzat, bai kulturalki, bai ekonomikoki. Mujikak Bernardo Atxagaren Obabakoak aipatu du horien artean, baita Ipurbeltz komikia ere. Azken horrekin 31 urtez aritu ziren, hilero zenbaki bat argitaratuz: guztira, 362 zenbaki. "Autore eta liburu horiek oso garrantzitsuak izan dira guretzat eta salmenta handiak ekarri dizkigute".

Izan ere, kultur proiektu bat baino gehiago da argitaletxe bat: "Euskal argitaletxe batek ezingo luke aurrera egin erakundeen laguntzarik gabe", dio Mujikak. "Baina laguntza horiek ez dira nahikoa: kudeaketa egokia, profesionaltasuna eta langileen ongizatea ere ezinbestekoak dira, eta nik uste dut guk arlo horretan asmatu dugula; bizirik gaude eta ilusioarekin aurrera jarraitzeko moduan".

Iraupen horretarako, gainera, belaunaldi erreleboa ezinbestekoa izan da. Sortzaileetako batzuk erretiroa hartzeko garaian zeudela ikusita, jende berria eta gaztea sartzeko beharra ikusi zuten. "Lehengo ohiturei eusteaz aparte, gaurko autore berriei ere lagundu behar diegu idazle izateko amets horretan aurrera egin dezaten". Duela hiru urte, kudeatzaile eta editore berriak hasi ziren lanean, eta Mujika pozik dago egindako aldaketarekin.

Berak ere urte asko daramatza argitaletxearen egunerokoan, administrazio kontseiluko lehendakari gisa hiru hamarkada baino gehiago egin baititu. Ardura handia izan arren, esperientzia positiboa izan da Mujikarentzat: "Ni literaturazale handia ere banaiz, asko irakurtzen dut, eta hor lan egitea ederra da niretzat". Taldearen giro ona ere azpimarratu du, eta urte hauetan izandako pozak kezken gainetik jarri ditu: "Urteek pozbide gehiago eman dizkidate, atsekabeak baino".

Erreleboa emateko prest dagoela aitortu du, hala ere, nahiz eta oraingoz, jarraitzeko eskatu dioten. "Ikusten dudan orduko norbait prest dagoela halako kargu bat hartzeko, emateko prest nago". Badaki, ordea, ardura hori ez dela nolanahikoa, eta norbaitek gogoz hartu beharko duela lekukoa.

Euskaraz gozatzea

Etorkizunera begira, Mujikak argi du euskal argitaletxeen erronka nagusia zein den: gaur egungo gazteen gustuetara egokitutako literatura ona eskaintzea eta euskarazko irakurle berriak erakartzea. "Euskaraz dakien gazte jende asko dago, gero eta gehiago, baina askorentzat, ez da errazen irakurtzen duten hizkuntza, gaztelaniaz errazago irakurtzen dutelako".

Egoera azaltzeko, latinaren adibidea erabilI du: "Askotan pentsatzen dut euskara latinaren antza hartzen ari dela; euskara ikasteko hizkuntza bihurtzeko, eta egunerokoan eta aisialdian beste hizkuntza batzuk erabiltzeko arriskua ikusten dut. Horregatik, ez da nahikoa euskaraz ikastea edo derrigorrez irakurtzea; euskarazko literaturaz gozatzen ikasi behar da".

Horretarako, gurasoen, irakasleen eta euskal kulturaren alde ari diren guztien lana ezinbestekoa dela uste du aizarnarrak. "​​​​​​Euskaraz komunikatzea ez da nahikoa, euskararekin gozatu ere egin behar da. Eta horixe da datozen urteetarako egin beharreko apustua, ez Ereinek bakarrik, euskal kulturaren alde lanean ari diren guztiek baizik".

Duela berrogeita hamar urte, zazpi lagunek hazia erein zuten, euskal kulturaren etorkizunean sinetsita. Gaur egunera arte, uzta oparoa eman du proiektu hark, baina Mujikak badaki hasitako lana ez dela amaitu. "Apustua zaila da, eta urte askorako lana emango duena, baina nik uste dut lortuko dugula".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide