Dozenaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Zestoako liburutegian, Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburuaren aurkezpenean. Jakoba Errekondo eta Markel Arriolabengoa izan ziren bertan, Euskal Herriko zuhaitzen eta landarediaren inguruko lana herritarrei aurkezten. Zestoako Larrazken Kulturalaren egitarauaren barruan egin zuten aurkezpena.
Mikel Arregi Zestoako alkateak egin zien harrera eta aurkeztu zituen bi hizlariak. Iñaki Etxebesterekin batera ondu dute liburua Errekondok eta Arriolabengoak, eta Dani Blancoren argazkiekin osatu dute lana. Liburuak Euskal Herriko zuhaitzak eta arbolak ditu ardatz, bertako landarediaren aberastasuna ezagutarazteko eta espezieen inguruko informazioa eskaintzeko.
(Argazkiak: Urtzi Oteiza)