Musikarien egunean, Santa Zezilia egunean, iritsi da Aizarnako Mariaren Zeruratzearen parrokiara Fray Joseph Echevarria elkarteak antolatutako Gipuzkoako Organoak 37. zikloa. 230 urtetik gora dituen teklatu bakarreko organo barrokoa erdigune izan duen emanaldian, Mikel Ansola Markina-Xemeingo (Bizkaia) organista eta Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra aritu dira elkarrekin . 30 entzuletik gora batu ditu emanaldiak; musikariengandik gertu egon dira horietako gehienak, koruan bertan dauden eserlekuetan, baina izan dira kontzertua beheko eserlekuetatik jarraitu dutenak ere.
Zortzi piezarekin osatutako egitaraua izan du Aizarnako kontzertuak; erdia organoa eta txistua uztartuta eskaini dituzte Ansolak eta Mendizabalek, eta beste erdia organo doinuekin soilik eman du Ansolak. Garbizuren De Cabezonen, Piazzolaren, Praetoriousen, Corelliren, Brunaren eta Maralsen lanak interpretatu dituzte gaurko kontzertuan.