Musikak hartu ditu Zestoako kaleak asteburuan

Mailo Oiarzabal

Ostiraleko txaranga eta kontzertuen ostean, Zestoako Musika Bandaren txanda izan zen atzo, aurtengo Santa Zezilia kontzertuarekin.

Zestoan, ondo ospatuta utzi dute aurten Santa Zezilia. Ostiralean, Musikaren asteburua izenarekin bataiatutakoaren barruan, Ustekabe txarangak girotu zuen iluntzea bere musikarekin, Portale kultur elkarteak antolatutako saioan. Gainera, Gazte Asanbladak eta Fundizio musika elkarteak antolatuta, Gaüze eta Disnomia taldeen kontzertuak ere izan zituzten ostiral iluntzean udaletxe azpian.

Eta toki berean eman zuen aurtengo Santa Zezilia kontzertua atzo iluntzean Zestoako Musika Bandak. Rock eta pop doinu ezagunak entzuteko aukera izan zuten bertaratu ziren herritarrek. Beñat Etxaberen zuzendaritzapean, pot-pourrian edo kanta solteen moldaketetan, Pirritx eta Porrotx, Itoiz, Ken Zazpi, Queen, Tequila, The Champs, Tapia ta Leturia, Berri Txarrak eta Olaia Inziarteren musikak bete zuen udaletxe azpia Santa Zezilia egunaren bezperan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide