Indarkeria matxistaren ondorengo erreparazio prozesuak izango dituzte hizpide bihar, asteartea, Zestoan. Zestoako Mugimendu Feministak antolatuta, Sheila Melcon Sortzen aholkularitza zerbitzuko psikologo feministak solasaldia eskainiko du Alonderon, 18:30ean, Indarkeria matxista eta erreparazio prozesuak izenburupean.
Saioan, erreparazio prozesuen esanahia eta horiek duten garrantzia azalduko ditu Melconek. Era berean, erakundeek arlo horretan duten erantzukizuna aztertuko du, baita erreparazio komunitarioa lantzeko dauden ardatzak ere. Horrez gain, esperientziak eta praktika egokiak partekatzeko eta horien inguruan hausnartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Hitzaldia azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira Zestoan antolatutako egitarauaren barruan kokatzen da. Zestoako Mugimendu Feministak eta Itaiak hainbat hitzordu prestatu dituzte egun horren bueltan. Itaiak eta Zestoako Gaztetxeak, esaterako, emakumeek jasaten duten presio estetiko eta sozialaren inguruko hausnarketa saioa egingo dute, ostegunean, azaroak 19, 18:00etan, Gaztetxean. Azaroaren 25ean, berriz, bi mobilizazio egingo dituzte herriko plazan. Zestoako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du 18:30erako; Itaiak, aldiz, 19:30ean egingo du mobilizazioa, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean.