Askotariko ekintzekin ospatuko dute Zestoan Santa Zezilia eguna

Iraia Oteiza

Zestoako Musika Bandak duela hiru urte Santa Zezilia egunez eskainitako kontzertua. (Mailo Oiarzabal)

Aste osoan zehar egingo dituzte musikarien egunaren bueltako ekintzak. Gaur, astelehena, Ertxiña musika eskolakoen jaialdia izango da; bihar, asteartea, musika eskolako ikasleak kalejiran aterako dira; eta larunbatean, Zestoako Musika Bandak kontzertua eskainiko du.

Igandean, azaroak 22, izango da Santa Zezilia eguna, eta horren harira, askotariko doinuek hartuko dituzte Zestoako txokoak musikariei gorazarre egiteko. Gaur, astelehena, hasiko dira musikarien egunaren bueltako ekintzak, Ertxiña musika eskolako ikasleek eskainiko duten jaialdiarekin. Kultur Etxeko aretoan eskainiko dute horiek emanaldia, 17:30ean hasita.

Bihar, asteartez, izango dute jarraipena musika eskolakoen emanaldiek. Izan ere, kalejiran aterako dira ikasleak 17:30ean, herriko txokoak alaituz. 

Santa Zezilia egunaren bezperan, berriz, larunbatean, musikarien egunari lotutako kontzertua eskainiko du Zestoako Musika Bandak. Rock kontzertua izango dela adierazi dute musikariek, eta, besteak beste, Queen taldearen, Berri Txarraken, Olaia Inziarteren edota Tapia eta Leturiaren doinuak interpretatuko dituzte. 20:00etan hasiko da emanaldia, udaletxe azpian. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide