Giro tristea eta euritsua egin duen arren, jende ugari bertaratu da gaur, igandea, Arroabean egin duten artisauen eta baserritarren azokara. Ezkaizto auzo elkarteak antolatuta eta Txara dendaren laguntzarekin egin dute azoka, 10:00etatik 14:00etara, eta aterkiak zabalduta bertaratu behar izan dute auzotarrek nahiz inguruko herrietatik joandakoek.
Bertako ekoizleek eta artisauek askotariko produktuak jarri dituzte bisitarien eskura. Elikagaien artean, barazkiak, ogia, gazta, eztia, kontserbak eta gozogintzako produktuak aurkitu ahal izan dira. Artisautzari dagokionez, berriz, arropa, osagarriak, bitxiak, ukenduak, zeramika eta ehungintzako lanak izan dira ikusgai. Jan-edanerako gunea ere prestatu dute antolatzaileek; hanburgesak, taloak eta edariak izan dira azokan, bisitariak indarberritzeko.