Zestoan Larrazken kulturala egingo dute aurten, eta egitarau oparoa prestatu dute azaroaren 22tik abenduaren 22ra bitartean. Udalak eguerdian aurkeztu du egitasmoa, eta hilabete inguruan hainbat kultur adierazpen bilduko ditu: musika, ondarea, memoria historikoa, arkeologia, natura, euskara eta bertsolaritza. Aurtengo proposamenak udazkeneko kultur eskaintza aberastea du helburu, eta Zestoak Urepelerekin duten hitzarmenaren harira, Ipar Euskal Herriari lotutako erreferentziak ere izango ditu.
Egitaraua Aizarnan hasiko da, azaroaren 22an, igandean, 12:00etan. Mikel Ansola Garitagoitiak organoa joko du, eta Garikoitz Mendizabal txistulariak lagunduko dio 37. Gipuzkoako Organoak Zikloaren barruan antolatutako kontzertuan. Besteak beste, euskal musika nahiz musika barrokoa uztartuko dituzte. Garikoitz Mendizabalen hitzetan, Aizarnako organoa txikia izan arren, erregistro aldetik oso aberatsa da, eta herritarrak hitzordura gonbidatu ditu.
Azaroaren 24an, asteartez, Euskal Herriko zuhaitzak eta landaredia izango dituzte hizpide Alonderon, 18:30ean. Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztuko dute, Jakoba Errekondok, Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek idatzia, eta Dani Blancoren argazkiekin osatua. Hain zuzen, Errekondo eta Arriolabengoa izango dira Zestoako aurkezpenean.
Halaber, lurrari eta Zestoako ondare arkeologikoari ere egingo diote tartea. Azaroaren 26an, ostegunean, 18:30ean, Alonderon izango da Hezurretatik harago: Zestoako aztarnategi paleontologiko eta arkeologikoei begirada geologikoa hitzaldia, Martin Arriolabengoa eta Ane Corral adituek gidatuta. Antxieta arkeologia taldeak urtero antolatzen dituen Zestoako aztarnategi eta indusketen inguruko jardunaldien barruko hitzordua izango da; nahiz eta, aurten, hitzaldi orokor bat eskainiko duten. Azaroaren 29an, berriz, igandean, 11:00etatik 15:00etara, arkeologia erakusketa izango da udaletxe azpian, Antxieta arkeologia taldearen eskutik.
Euskara eta memoria, ardatz
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, abenduaren 3an hasiko da Xabier Euzkitzek gidatutako Euskaraz ganoraz ikastaroa. Abenduaren 3an, 10ean eta 17an izango dira saioak, ostegunetan, 18:30ean, liburutegian. Euskararen erabileraz eta kalitateaz hausnartzeko aukera eskainiko dute ikastaroek.
Aurkezpenean azaldu dutenez, euskararen egoerak eta hizkuntzaren kalitateak kezka sortzen dute, eta Euzkitzek gai horretan duen eskarmentua baliatu nahi izan dute. Ikastaroa doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da udaletxean bertan edo kultura@zestoa.eus helbidera idatzita. Zestoan erroldatutako herritarrek izango dute lehentasuna.
Memoria historikoak ere leku nabarmena izango du egitarauan, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean egindako bi ikerketaren bidez. Lehenengoa abenduaren 9an aurkeztuko dute, asteazkenean, 18:30ean, Arroabeako Elkargunean. Espainiako Gerra amaitu ondoren Arroabean izan zen presoen lan esparruaren inguruko ikerketa da. 1940ko hamarkadan Espainiako hainbat tokitako presoak eraman zituzten bertara, lan behartuak egitera. Ikerketaren berri emango dute hitzaldian.
Bigarren ikerketa abenduaren 16an aurkeztuko dute, asteazkenean, 18:30ean, Alonderon. Bigarren Mundu Gerraren garaian Europatik ihesi Espainiara iritsitako errefuxiatuek Zestoako hoteletan bizitako konfinamendua izango dute hizpide. Garai hartan, Zestoa zen, hiriburuak kontuan hartu gabe, hotel gehien zituen herrietako bat, hamalau hotel baitzituen. Miranda de Ebroko kontzentrazio eremuak gainezka egin ondoren, hainbat iheslari Zestoako hoteletara eraman zituzten. Karlos Almorza izango da ikerletaren nondik norakoak azalduko dituen aditua, eta erakusketa ere jarriko dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Erakusketan, gertakari horren inguruko azalpenak eta pasadizoak modu ulerterrazean emango dituzte.
Abenduaren 18an, ostiralean, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian beste hitzaldi-solasaldi bat egingo dute, udaletxeko batzar aretoko bankuen zaharberritzearen eta ikerketaren inguruan.
Ondarea eta bertsoak, amaitzeko
Musikak eta tokiko ondareak bat egingo dute abenduaren 19an, larunbatean, 12:00etan, liburutegian. Amaiur Aristiren Zubizarreta ahizpak liburuaren aurkezpena egingo dute, kalejira batekin. Trikitixak Zestoan izan duen eragina eta herriko emakume horien memoria izango dituzte ardatz.
Azken hitzordua, berriz, Endoian izango da, abenduaren 22an, asteartean, 20:00etan. Xalbadorren heriotzaren 50. urteurrena dela eta, Uztapide eta Xalbador bertsolarien omenezko errezitaldia eta afaria egingo dituzte Endoiako tabernan, Uztapideren jaioterrian. Unai Agirre eta Eñaut Agirre bertsolariek parte hartuko dute han. Afarirako txartelak aurrez jarriko dituzte salgai.